Saverako EREa ez onartzea eskatu dute Bortzirietako alkateek

Ttipi-Ttapa 2010ko uzt. 8a, 09:47
TTIPI-TTAPA

Bortzirietako alkateak eta Saverako enpresa batzordea Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuko zuzendari orokorrarekin bildu ziren uztailaren 1ean. Hasiera batean Jose Maria Roig kontseilariarekin biltzekoak ziren, baina dirudienez agenda bete xamarra eta ezin izan zuen aipatu ordezkaritzarekin bildu. Aitzinetik, alkate eta zinegotziek prentsaurrean adierazi zutenez, Gobernua «pieza klabea da Saverako ERE honen ibilbidean, berak izanen baitu azken hitza, dirudien bezala aitzinetik akordiorik ez bada» eta horregatik hainbat eskari egin zituzten, «Bortziriak hiltzen ari dela» ohartaraztearekin batera. Saverako EREa «deslokalizazio garbia» dela, eta «pro­duk­­zioa munduko bertze plantetara eraman dela» ere salatu zuten. Bortziriak eta Baztan-Bidasoa osorako industria eta enplegu plan bat prestatzeko exijitu zioten eta horretan laguntzeko, industria guneen inbentarioa aurkeztu zuten, gune hauetan lantegiak jartzeko zer aukera dauden azter dezaten. Jakinarazi zutenez, «mar­txan dagoen 2010 Planean 14 milioi inbertituko dira industria-guneetan, baina bakar bat ere ez gure inguruan». Horrekin batera, zera gaineratu zuten: «Legasako lantegia Lesakara aldatuz geldituko den 200.000 metro koadroko eremua, edo Lesakako lantegian Luberrondo inguruan erabiltzen ez diren 14.000 metro eta ondoko bertze 12.000 metro daude, baita Zalain eta Alkaiagan oraindik erabili gabe dauden nabeak ere, Etxalarko Arrakoitz inguruko industrialdea…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun