Azken bi urteetako gorakadarik handiena

ttipi-ttapa 2007ko ots. 5a, 13:49

Gure eskualdeko langabeziak 89 lagunez gora egin du hilabete batez

Urtarrilean, maiz gertatzen den bezala, eskualdeko langabeziak gora egin du, baina aurten gorakada nabarmena izan da. Doneztebeko Inem bulegoan apuntatuak, 620 izatetik 709ra pasa dira urteko lehen hilabetean, 89 gehiago. Lana bilatzen ari direnen artean generoen arteko desorekak bere horetan segitzen du, gizonezkoak 281 baitira eta emakumezkoak berriz 428.

Joan den hilabeteko gorakada %14,5ekoa izan da, eta nabarmendu da 25 urte baino gehiagokoetan. Adin horretan. azken 30 egun hautean 50 emakume gehiago apuntatu dira eskualdeko langabeziko zerrendetan. Gizonezkoetan ere gorakada izan da, baina ez hain nabarmena, hauek 22 gehiago izan dira. 25 urte baino guttiagokoetan emakumeen eta gizonen langabeziko gorakada berdintsu izan da, lehenen kasuan 9 izan dira eta bertzeak 8.

Eboluzioa arloz arlo begiratuz, industrian eta zerbitzuetan izan dira goraka handienak. Eraikuntzan ere gora egin du, baina ez da hain nabarmena izan. Nekazaritzan eta sekulan lanik egin ez dutenen kasuan ez da kasik aldaketarik izan, lehenen kopurua 2 lagunez jautsi da, eta bigarrenena bertze biz baina kasu horretan gora. Urtarrilaren bukaeran langabeziko zerrendetan 8 eta 21 ziren hurrenez hurren. Otsaila hastean industria arloan 203 ziren langabezian, aitzineko hilabete baino 43 gehiago. Aipatu bezala zerbitzuetan ere gora egin du, duela hilabete bat 385 ziren eta hil hunen hasieran 36 gehiago, guztira 421. Eraikuntza arloan langabeziak 10 lagunez gora egin du, urtarrila bukatzean 56 ziren Doneztebeko bulegoan apuntatuak.

Aitzineko urte eta hilabeteei begira, orain arteko kopuruak nahiko baikorrak baziren, urte huntako lehen hilabeteko datuek ezkorrak dira. 2006ko datuak hilabetez hilabete aitzineko urtearekin konparatuz beti apalagoa baziren. aurtengo urtarrileko kopuruak eta 2006ko urtarrileko kopuruak berdintsuak dira. Duela urte bat 715 ziren langabezian gure eskualdean, eta aurten erran bezala 709. Ehunekoei begiratzen badiegu emaitzak are kasakrragoak dira, joan den urteko urtarrilean gorakada %5,5ekoa izan zen, aurtengoa, aipatu bezala 14,5ekoa, azken bi urte hauetako gorakadarik handiena. Herrialde osoko zenbakieei dagokionez langabeziaren goraka %7koa izan da. Gaur egun 22.500 lagun daude lanik gabe Nafarroan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun