NPBko 20 milioi euro banatu dituzte

Xan Harriague 2006ko abe. 7a, 13:27

Ordainketa Bakarraren Eskubideen eskaerak, Nafarroan egiten ahal ziren %99ra, ailegatu dira

Joan den asteartean, nekazaritza, abeltzaintza eta elikagaien sailak 20 milioi euro banatu ditu Nekazaritza Politika Bateratuaren dirulaguntzak eskuratzen ahal dituztenen artean. Hori dela eta bakoitzari zor zaion diru kopurua banketxeetan dago. 20 milioi hauek, ordainketa zuzenaren bitartez izanen duten laguntzaren %18a besterik ez da.

Etcharte kontseilariak emandako prentsaurrekoan azpimarratu nahi izan zuen kopurua ez zela handia, baina lehen banaketa hori garrantzitsua zela, NPBren aldaketa, eta diru laguntzen Ordainketa Bakarraren arauak indarrean sartu direnez geroztik lehena baita. Aukera baliatu zuen ere, NPBren aldaketa horretan nekazaritzan edo abeltzaintzan aritzen diren elkarteak, kooperatibak eta erakundeak egindako lana eskertzeko, azkenean Ordainketa Bakarraren Eskubideen eskaerak Nafarroan egiten ahal ziren %99ra ailegatu direlako.

Gure eskualdean aste huntan banatu diren dirulaguntza gehiena abeltzaintzari lotua dago. Nafarroako mendialdean, 7.5 milioi euro banatu dira 2.000 abeltzainen artean. NPBren gaineratiko diru laguntza, hala nola 69 milioi euro, hilabete hunen bukaera baino lehen banatuko da kontseilariak adierazi duenez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun