Amiamokoen etortzeak, eskualdeko arrantza aldatu du

Xan Harriague 2006ko aza. 24a, 09:45
Jose Mari Mitxelena Endarlatsan hartutako izokina eskuan. Zoritxarrez bere ustez horrelako egoerak gero eta bakanagoak dira, behar den bezalako neurririk ez baita aspalditik hartzen. Xan Harriague

37 izokin baizik ez dira atera, joan den urtean baino 11 arrain guttiago

Azken urte hauetan izokin gutti arrantzatu dira Bidasoan. Hala ere, horretan jokoa dutenek, urte guziz bezala ibili dira erreka bazterretan. Zoritxarrez aurtengo idortearengatik sasoia laburtua izan da.

Bidasoan izokin-arrantzaren sasoia bukatu zen uztailaren 17an, lau hilabetez idekia izan ondotik. Azken urteen arabera nahiko sasoi txarra izan da. 37 izokin baizik ez dira atera, joan den urtean baino 11 guttiago. Halere urte txarragoak ere izan dira. 1940an 4 izokin arrantzatu ziren, 1941ean 2, 1982an bakar bat ere ez. Maiz Bidasoaren bazterretan ibiltzen den Joxe Mari Mitxelenarentzat “sasoi makala izan da, neronek bakarra atera dut, joan den urtean bi. Ez da lehenagoko arraina ibiltzen”. Lehenbizikoa Miguel Angel Alvarez iruindarrak atera zuen 50eko putzuan, Endarlatsako zubiaren ondoan. 5 kilo eta 77 cmko izokina zen eta 1.502 euroan saldu zion Hartza jatetxeari. Izokin lodiena Ernesto Gainza beratarrak atera zuen Kaiako lasterrean, 6,750kilokoa eta Gainza bera izan da ere izokin gehien atera duen arrantzalea, orotara bederatzi. Martxotik uztailera hartu direnen artean 11 ziren 5 kilo baino gehiago zituztenak. Ttikienak, 2,250 kilo. Aurten izokin baten ateratzeko suertea ukan dutenak hogei izan dira.

Arrantzatzeko manerari dagokionez pikean ari zirenak suerte gehiago zuten, aurten arrantzatu direnen artean 26 hala izan baitira. Euliarekin 8 atera dira eta 3 koilararekin. Usaian 50eko putzuak arrakasta handia baldin badu, aurten 4 izokin baizik ez dira atera handik. Urte honetan lekurik onena Kaiakoa izan da 12 izokinekin. Ondotik, 10ekin Nasa Montoiako turbinaren ingurua. Gainerakoak Nasasen, Artxabalen, Elgorriagan, Peña Negran, Tunel Eskaleran etaTunel Laurelesen hartu dira.

Lehen baino hegazti arrain-jale gehiago Bidasoan

Joxe Mariren ustez egoera aldatu da eta Bidasoan ere “lehen baino hegazti arrain-jale gehiago ikusten dira, adibidez ubarroiak eta amiamokoak”, garza edo héron delakoak. Beratarraren ustez “lehenago, horrelako gutti ikusten ziren, eta bakan, orain amiamokoak hemen egoten dira eta bertan ugaltzen. Leku batzuetan 20 inguru kontatzen ahal dira”. Halere, hori arazo handia izanik, izokin kopuruaren apaltzea gizakiaren falta ere izan da. Etxenikekoak dioen bezala, “lehen arrain gehiago izaten zen, ibaia zaintzen genuelako. Gero erran ziguten errekak ez zirela lagundu behar, ugalketa naturalak aski zirela. Beraz, horretan gelditu ginen eta azken 15 urte horietan arrain edo arroltze sartzerik ez da egin. Orain ohartu gara, astakeria zela eta azken laupabost urte horietan berriz lanean hasi gara, bainan kaltea egina da”.

Joxe Mariren ustez Bidasoan eramaten den politika ez da batere egokitua. “Aipatzen da kutsadura, baina duela 30 urte, orain baino makurragoa zen. Ugaltzerakoan presen aitzakia botatzen dute baina horiek ere badu urte andana bat hor. Nik uste dut ez ginuela sekulan gelditu behar errekaren laguntzetik eta neurriak hartu beharko dira gartzen kontra”. Arrantzaleek argi dute, lehengo izokin kopurua hartu nahi badute lan egin beharko dutela, han artean kainaberak altxatuak dituzte. Beti espero dute heldu den urtea hobea izanen dela, behar bada 1944a bezalakoa, 302 izokin atera zirelarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun