Ortziralean eginen dira eskualdeko udazkeneko bigarren feriak Donezteben

Xan Harriague 2006ko aza. 15a, 13:43

Nafarroako Herri Kirol Federazioak goi mailako jaialdia antolatu du aurten ere

Eskualdeko udazkeneko bigarren feria iraganen da heldu den ortziralean Donezteben. Goizean, Matxiketa merkatuko plazan azienden ikusteko eta erosteko aukera izanen da. Lehen baino azienda guttiago izaten bada ere, eskerrak eskualdeko tratante batzuei, oraindik kalitatezko buruak ikus daitezke, batez ere behietan. Bordatxoko aparkalekuan berriz, nekazaritzako tresneri berrienen erakusketa ikusgai izanen da marka handiko saltzaileen eskutik. Azkenik, herriko karriketan barna ibiliz, bazterretan paratuko diren postuetan erosketak egiten ahalko dira. Ohi bezala hainbat gauzaren artean, elikagaiak ez dira faltako, hala nola, gasnak, ogia, eztia, baratxuria eta haragia bertzeak bertze. Hala ere, azken urteek erakutsi dutenaren arabera, erosketak eta tratuak egiteko baino gehiago, eskualdeko baserritarren artean egoteko eta ongi pasatzeko aukera pare gabea izanen dira Doneztebeko feriak.

Lagunen artean bazkaldu eta, herri kirolen jaialdiaz gozatzen ahal da eskoletako frontoian. Aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak goi mailako txapelketak antolatu ditu feri horien kari. Arratsaldeko 17:30etik aitzinera, Nafarroako 2. Mailako Aizkolari Txapelketako finala jokatuko da eskualdeko ordezkaritza adierazgarriarekin. 5 aizkolarien artean 3 malerrekarrak izanen dira, Juan Telletxea eta Luis Mari Belarra Doneztebekoak, eta Xabier Mindegia Beintza Labaiengoa. Finalean arituko diren bertze bi aizkolariak, Altsasuko David Amillano eta Leitzako Jon Rekondo izanen dira. Horrez gain, Euskal Herriko Kintopekoen harrijasotze txapelketa jokatuko da Iraitz Telleria, Xabier Agirre, Gaizka Uriarte eta Aimar Irigoienen artean. Herri kirol jaialdiari bukaera emateko, gaur egungo 3 aizkolari hoberenak, Donato Larretxea, Floren Nazabal eta Miel Mindegiak erakustaldia eskainiko dute 6 kana-erditan neurtuz. Eguraldi ederra izanez gero, egun pasa egiteko aukera polita izanen da Doneztebeko ferien ortziralean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun