Gorabehera ttikia izan du eskualdeko langabeziak urrian

ttipi-ttapa 2006ko aza. 13a, 12:47

561 langabetu zeuden, irailean baino bi guttiago

Eskualdeko langabeziak gorabehera anitzik ez du izan urrian eta bi lagunez behera egin du. Gaur egun 561 dira Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena eman dutenak.

25 urtez beheitikoetan, ordea, langabeziak goiti egin du eta adin horretako 57 lagun, 26 emakume eta 31 gizon, ari dira lan bila, urri hasieran baino 7 gehiago. 25 urte baino gehiago dituztenetan, aldiz, langabeziak 9 lagunetan beheiti egin du eta 310 emakume eta 194 gizonezko ari dira lan bila.

Urri bukaeran, arloz arlo lan bila zeudenak nekazaritzan 7 ziren, industrian 154, eraikuntzan 45, zerbitzu arloan 328 eta sekulan lanik ez dutenen arloan 24. Eboluzioa begiratuta, industrian eta zerbitzuetan egin du beheiti langabeziak, 5 eta 7 langabetu guttiagorekin. Bertze arlo guzietan aldiz goiti egin du, nekazaritzan 2 langabetu gehiago, eraikuntzan 3 eta sekulan lan egin ez duten 5 gehiago baitaude.

Garai bereko joan den urteko datuekin konparatuz, aurtengoak baikorragoak dira. Iaz, urriaren bukaeran, lana bilatzen zutenak 599 ziren, aurten baino 38 gehiago. Halere, joan den hilabetean Nafarroa osoan beherakada eskualdean baino nabarmenagoa izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun