«Lantegien premiak eta langileen prestakuntza uztartu nahi ditugu»

Aitor AROTZENA 2006ko ira. 18a, 12:18
Amaia PANDO Eskualdeko lan orientatzaile berria Aitor AROTZENA

• Amaia Pando Aramendi, 26 urteko psikologo beratarra da Cederna-Garalur elkarteko Baztan-Bidasoa eta Leitzaldeko lan orientatzaile berria.

• Urtebetez zerbitzu hau geldirik egon da, baina abuztuaren 1etik lanean ari da Amaia. Alkaiagan Cedernak duen bulegotik abiatuta, Doneztebeko Enplegu Bulegoan eta Baztan eta Leitzako udaletxetara ere joaten da.

• Berekin harremanean jartzeko 619 829289 telefonoetara deitu behar da.

Zein da eskualdeko lan orientatzaile gisara egiten duzun lana?

Cederna-Garalur elkarte pribatua da, baina udalekin elkarlan estua dugu. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ere diruz laguntzen du. Helburu nagusia lanik gabe dagoen jendea atenditzea da edo lanean ari dena, baina bere perfilarengatik bertze lanpostu bat lortu nahi duena. Bertze aldetik, enpresetatik ere lan eskaintzak ailegatzen zaizkigu eta eskaintza eta eskaera uztartzen saiatu behar dugu. Hemengo jendearentzat lanerako aukerak hemen aurkitzen lagundu nahi dugu.

Helburu horrekin, prestakuntza ikastaroak eta bertze zenbait ekimen gauzatzen dituzue…

Beti saiatzen gara formakuntza eta baliabideak ematen. Adibidez, institutuetan sartu eta formakuntza tailerrak egiten ditugu, gazteei lan munduko informazioa emateko. Emakumeekin ere lan egiten dugu, normalki hartzen duten orientazioa aldatzen saiatzen gara. Izan ere, emakumeek letretara edo humanitate inguruko formakuntzara jotzen dute, baina eskualdeko lan-merkatuak ez du hori eskatzen. Formakuntza teknikoak indar gehiago dauka, hori eskatzen dute enpresetatik. Orain, Empleate proiektuarekin buru-belarri sartuak gaude: honen helburua, enpresa edo lantegi bat sortzeko ideia duen jendeari formakuntza ematea da. Hiru ikastaro emanen ditugu, lehenbizikoa negozio-ideiak identifikatzeko; bertzea, enpresa horreri hasiera emateko eta azkena, enpresa martxan jarri ondoko aholkularitza.

Zein da lan orientatzailearen bulegora hurbiltzen den jendearen perfila?

Hiru multzotan banatzen ahal da guregana etortzen den jendea: etorkinak, 40 urtetik goitiko emakumeak eta izugarrizko formakunta eta hagitz prestatua dauden emakume gazteak. Hauek hemen lana bilatzen saiatzen dira, baina kanpora jo behar izaten dute. Hauetatik aunitz izaten ditugu.

Etorkizunera begira izan daitezkeen lanpostuak edo negozioak identifikatzen ere saiatzen zarete. Zein izaten ahal da etorkizuneko lanbidea gure inguruan?

Cedernak urtero egiten du analisi moduko bat eta ikusten du zer enpresa edo zerbitzu berri sortzen ahal den leku bakoitzean. Gure kasuan, etorkizuna izan dezaketen zerbitzuak eta mendialdean ez daudenak aztertzen dituzte. Zerbitzu horiei laguntza ematen saiatzen gara, horretan lan egiteko prest egonen litzatekeen jendea bilatzen dugu eta aholkularitza eskaintzen diogu.

Uda partean inguru honetan lanpostu dexente sortzen dira ostalaritza arloan, baina aurten langabeziak goiti egin du. Lan-arlo horrek gaina jo duela uste duzu?
Iruditzen zait hemengo jendeak ez duela ostalaritza lanean aritu nahi eta etorkinek betetzen dituzte lanpostu horiek. Guregana etortzen den jendean somatzen dugu hori, ‘edozein lan eginen nuke, baina ostalaritzan ez mesedez’ erraten dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun