N-121-A errepideko berritze lanak 2009ko lehen hiruhilabetekoan akautuko dira

Aitor AROTZENA 2006ko ira. 21a, 10:28
Endarlatsako zubian, dagokion erdia ordaintzeko 6,1 milioi euroko inbertsioa eginen du Nafarroako Gobernuak. Lanak 2007ko otsailean aterako dira lehiaketara eta gainerako lan guziak bezalaxe, 2009ko

Igantzitik Endarlatsako zubira bitarteko zatia moldatuko da

Nafarroako Gobernuak 270 milioi euro inbertituko diru autobideen eraikuntza bizkortzeko eta komunikazio-ardatz estrategikoan eta lurralderako interesa duten errepideetan bertze lanak egiteko, irailaren 7an emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuenez. Dirutza horretatik 165 milioi Nafarroako hiru komunikazio-ardatz estrategikoetan, Ebroko Autobidean, Pirinioetako autobidean eta N-121-A errepidean alegia, egin beharreko hamar lanetan joanen dira.

N-121-A errepideari dagokionez, moldatze lanen bukaera sei hilabete aitzintzea eta 2009ko lehenbiziko hiruhilabetekoan irekitzea espero du Nafarroako Gobernuak. Ordura bitartean eraikiko diren bide-zatiak Igantzi-Etxalar, Etxalar-Bera, Bera-Endarlatsa eta Endarlatsako zubia izanen dira. Jakina denez, Endarlatsako zubiaren erdia ordainduko du Nafarroako Gobernuak eta bertze erdia Gipuzkoko Foru Aldundiak. Ardatz honetako lanen artean, Ostizko saihesbidea eraikitzea ere sartu da. Guzira, 68,9 milioi euroko inbertsioa eginen da Belateko ardatz honetan. Igantzi-Etxalar zatiko lanak 2006ko urrian aterako dira lehiaketara eta 22 milioi euroko inbertsioa eginen da, 6 milioi 2007an, 7 milioi 2008an eta 9 milioi 2009an. Etxalar-Bera zatiaren lanak 2008ko azaroan aterako dira lehiaketara, 20 milioiko inbertsioarekin (4 milioi 2007an, 7 milioi 2008an, eta 9 milioi 2009an). Bera-Endarlatsa zatian 15,5 milioi inbertituko dira, 2,1 milioi 2007an, 5 milioi 2008an eta 8,4 milioi 2009an. 2006ko abenduan aterako dira lanak lehiaketara. Endarlatsako zubian, dagokion erdia ordaintzeko 6,1 milioi euroko inbertsioa eginen du Nafarroako Gobernuak, 1,5 milioi 2008an eta 4,6 milioi 2009an. Lanak 2007ko otsailean aterako dira lehiaketara eta gainerako lan guziak bezalaxe, 2009ko lehen hiruhilabetekoan zabaltzea espero da.

Elizondo-Irurita saihesbidea

Gainerako 105 milioi euroak 29 proiektutan erabiliko dira. Proiektu hauetan sartuak daude zenbait herrietako zeharbide arriskutsuak desagertaraztea. Honela, gure eskualdeari dagokionez, Irurita-Elizondo saihesbidea eginen da. Proiektu honetan 9,4 milioi inbertituko dira, 2 milioi 2008an eta gainerakoa 2009an. Lanak 2007ko urrian lehiaketara aterako dira eta 2009ko lehen hiruhilabetekoan saihesbidea irekitzea espero da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun