Zalaparta handia Asau egunean kotxe batzuekin izandako arazoengatik

Joseba eta Nerea 2006ko ira. 5a, 09:41
Ederki pasatu zuten gazteek Asau Egunean……baina auto jabeen 15 denuntzia jaso dira. ttipi-ttapa

Gazteek lohiarekin kotxeak hondatu zituztela eta 15 salaketa jarri dira

Herrian ez dabil bertze solasik egunotan. Asau egunean, abuztuak 18, ermitatik herrira egiten den kalejiran gazte batzuk kalte handiak eragin omen zizkieten zenbait kotxeri. Horixe da behintzat kotxe hauetako 15 gidarik paratutako salaketek erakusten dutena. Adar, harri eta loHiarekin euren ibilgailuak marratu edo arrastoa egin izana salatu dute. 15 denuntzia dira denetara. Batzuk Etxalarren jarriak, bertzeak Altsasun, Olaguen… Guardia Zibilaren koarteletan paratu dituzte salaketak.

12.000 eta 18.000 euro bitartean eskatzen dituzte kotxeak moldatzeko. Diru-kopuru hagitz handia da, kasik bestak antolatzeak balio duen bezainbertze. Udaletik adierazi digutenez, hasiera batean, eurek eginen dira kargu kalte ordainetaz. Baina besta batzordeak bilera baterako deialdia egin du larunbaterako, irailak 9. Denentzat dago irekia baina bereziki Asauko partehartzaileak joatea nahi dute Kultur Etxera, 18:00etan, arazoaz solasteko.

Patxiku Irisarri alkateak erran digunez “egoera hagitz larria da. Orain arte inoiz ez zen deus gertatu baina berriz ez gertatzeko neurriak hartuko ditugu. Heldu den urtean lohiaren malda kendu beharko dugu, ermitatik herrira bueltatzeko ibilbidea aldatu, edo bertze zerbait”. Momentuz, aurtengo salaketekin zer egin aztertzen ari dira. Ortzeguneko batzarrean erabakiko dute egoera honi nola aitzin egin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun