Langabeziak goiti egin zuen eskualdean joan den urtean

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 27a, 13:18
Utzitako argazkiak

677 langabetuk izena emana zuten Doneztebeko bulegoan abenduan

Nafarroan joan den urtean langabeziak beheiti egin badu ere, gure eskualdean ez da horrela izan. Herrialde osoan, lana bilatzen zutenen kopurua %1,70 jautsi da. Abenduaren 31n 22.292 ziren Enplegu Bulegoetan izena emana zutenak, 13.288 emakume eta 9.004 gizon. Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietan berriz, langabeziak goiti egin zuen 2005ean.

Urte hasieran 624 lagunek lana bilatzen zuten eta urtezahar egunean 677 ziren Doneztebeko enplegu bulegoan izena emana zutenak. Urte osoan gorabeherak izan badira ere, hamabi hilabetez 53 lagun gehiago lanik gabe gelditu ziren eskualdean.

Orohar, langabeziak %8,5az goiti egin du. Horien artean 343 emakumeak dira eta 334 gizonezkoak. Adinari dagokionez, 25 urtez beheitiko 78 langabetu daude eta gainerakoak 25 urtez goitikoak dira.

Sektoreka, zerbitzuen arloan daude langabetuen erdia baino gehiago, 369; industrian 210 langabetu daude, 62 eraikuntzan, 17 nekazaritzan eta aitzinetik lan egin gabekoak 19 dira.

Azaroarekin konparatuz, gurea da Nafarroa osoan langabeziaren gorakadarik handiena jasan duen eskualdea, %7,46 igo baita.

Langabetu guttien apirilean, gehien abenduan

asoa eginez, langabeziaren ehuneko apalena udaberrian izan zen, apirilean hain zuzen, 564 lagunek lana bilatzen zutenean. Gorena berriz, abenduan izan da, 677 lagun langabezian zirenean.

Urtarrilean 642 langabetu zeuden, otsailean 659, martxoan 632, apirilean 564, maiatzean 675, ekainean 631, uztailean 645, abuztuan 633, irailean 596, urrian 599, azaroan 630 eta abenduan 677.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun