599 langabetu eskualdean

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 20a, 10:23

Apirilean baino 43 guttiago

Langabeziak, urte hasieratik daraman beheitirako martxarekin segitu zuen maiatzean ere. Apiril hondarrean 642 lagun apuntatuak ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan. Hilabete beranduago kopuru horrek 43 lagunetan beheiti egin zuen eta 599 ziren. Emakumeak izan dira jautsiera hori gehien somatu dutenak, 28k aurkitu baitute lana maiatzean. Halere, oraindik 355 dira langabezian daudenak. 15 gizonek lana topatu dute eta 244 daude langabezian. Lan arloka, industrian 26 langabetu guttiago daude (172) eta zerbitzuetan 22 guttiago (336). Eraikuntzan berdin mantendu da kopurua (52), nekazaritzan 2 langabetu gehiago daude (16) eta aitzinetik lan egin gabeko langabetuen kopuruak ere 3 lagunetan goiti egin du (23). Urtarrilean 715 lagun zeuden langabezian eta geroztik, hilabetez hilabete, etengabe beheiti egin du. Udaberri eta uda partean ostalaritza eta zerbitzu arloan sortzen diren lanpostuengatik izan daiteke jautsiera hau, baina egia da iazko maiatzean baino (675 baitziren) langabetu guttiago daudela aurten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun