Errekaren IV. eskuz binakako txapelketaren finalak jokatu ziren maiatzaren 13an

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 20a, 13:47
Sari banaketan, Xabier Altzugarai eta Iñaki Otxandorena pilotari profesionalak izan ziren. Xan Harriague

Elite mailako txapelketan Belloso eta Oteiza izan dira txapeldun

Maiatzaren 13an jokatu ziren Doneztebeko pilotalekuan Erreka elkarteak laugarren aldiz antolatutako eskuz binakako txapelketaren finalak. Goiz eta arratsaldez jokatu ziren partidak eta giro ederra eta partida bikainak ikusi ziren. Binakako txapelketaren finalak izan arren, buruz buruko bi partidekin hasi zen jaialdia goizeko 10etan. Aurrebenjamin mailan, Errekako Eloy Garciak 18 eta 11 irabazi zion Errekako Daniel Morani. Bigarren mailako benjamin mailan, Errekako Mikel Retegik 18 eta 15 irabazi zion Errekako Julen Juankorenari. Eskuz binakako finaletan sarturik, aurrebenjamin mailan, Errekako Oier Berasategik eta Mikel Lanak 18 eta 14 irabazi zieten Errekako Iñaki Maylin eta Julen Indari. Bigarren mailako benjamin mailan, Errekako Javier Saldias eta Julen Juankorenak 18 eta 16 irabazi zieten Errekako Imanol de Rueda eta Mikel Retegiri. Benjami mailan, Zugarraldeko Sarasa eta Espinalek 18 eta 7 irabazi zieten Leitzako Aurrerako Sagastibeltza eta Sagastibeltzari. Alebin mailan ere, Zugarralde eta Aurrerako pilotarien arteko finala jokatu zen eta hemen ere emaitza berbera errepikatu zen. Zugarraldeko Agirre eta Lasak 18 eta 7 irabazi zieten Aurrerako Gil eta Olanori. Infantil mailako partidan, Barañaingo Lagunak taldeko Iraizoz eta Taintak 18 eta 6 irabazi zieten Larraungo Igartua eta Barberenari. Partida honekin akautu zen goizeko saioa. Ondotik, 35 lagun bildu ziren Doneztebeko Santamaria jatetxean bazkaltzera. Tartean ziren Miguel Pozueta, Nafarroako Pilota Federazioko presidentea, Pedro Uriarte Bizkaiako Federaziokoa, Carlos Garcia eta Ricardo Altube, mallabiako txapelketako antolatzaileak; Irañeta eta Razkin, Huarte-Arakigo txapelketako antolatzaileak; Fermin Gimenez, Logroñoko El Cortijo txapelketako antolatzailea, Jesus Mari Juanena Doneztebeko zinegotzia, Juan Telletxea Errekako presidentea eta Errekako pilota sekzioko hainbat arduradun. Arratsaldean, kadete, jubenil eta elite mailako finalak jokatu ziren. Kadete mailan, Igantziko Biltokiko Imanol Goienetxek eta Sutegiko Kortabarriak 22 eta 7 irabazi zieten Latasako Valencia eta Jaunarenari. Goienetxe igantziarrak kolpe ederra erakutsi zuen eta Kortabarria bikain ibili zen gibelean. Jubenil mailako finalean, Pilotajauko taldeko Iturrioz eta Bergerak 22 eta 14 irabazi zieten Errekako Eskuderori eta Aurrera-Saiaz taldeko Galarragari.

Belloso eta Oteiza elite mailan

Azkenik, txapelketako partida nagusia jokatu zen, senior elite mailako finala. Bertan, Tolosako Aurrera Saiaz elkarteko lau pilotari aritu ziren aurrez aurre: Belloso eta Oteizak 22 eta 10 irabazi zieten Olaetxea eta Huarteri. Jokaldi bikainak ikusi ziren. Aitzinean batez ere, erritmo ikaragarria jarri zuten bi aurrelariek. Bellosok abiadura handia eman zion pilotari eta Oteizak laguntza ederra eman zion, dena ongi egin baitzuen: jo, moztu, bi esku bikainak… Huartek nahiko egin zuen pilotari eusten. Azkenean, garaipena Belloso eta Oteizarentzat izan zen, baina lau pilotariek ikusleen txalo zaparrada jaso zuten. Ondotik egin zen sari banaketan, eguerdian bazkaltzera bildutako agintariekin batera, Asegarceko Iñaki Otxandorena eta Garfeko Xabier Altzugarai pilotari profesionalak izan ziren. Elite mailako txapeldunek 600 euroko saria jaso zuten eta txapeldunordeek 400. Erreka elkarteak eskainitako berenduan 450 lagun bildu ziren, giro ederrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun