Giro ederrean joan zen aurtengo Haurren Eguna ekainaren 18an

Joseba eta Nerea 2006ko uzt. 14a, 11:39
Landagain eskolako ikasle ttikienak, beraien egunean, Haurren Egunean, eman zizkieten liburuekin Joseba OLAGARAI

Ipuin Topaketa, eskulan erakusketa eta Txan magoa ikusi ahal izan ziren

Haurrek idatzitako ipuinak paneletan, eskulanen erakusketa ondoan eta gisa guztietako marrazkiak paretetan. Erabat itxuraldatua ageri zen herriko frontoia joan den ekainaren 18an. Aurten 18. aldiz Haurren Eguna ospatu zuten Landagain eskolako ikasleek. Goizean goizetik hasita zer ikusi eta zertaz gozatu izan zen plaza bazterrean, eguraldi ederra lagun. Aspaldiko ohitura da Etxalarren Haurren Egunean eskulanen erakusketa paratzea eta aurten ere artelan franko eraman zituzten artista gazteek frontoira, herritar guztiek ikusi zitzaten. Jendea gustura ibili zen harat-honatean marrazkiak, eskulanak, ipuinak, edota argazki-bildumak ikusi eta haurren ilusiozko azalpenak aditzen. Eguerdiko 12:30ak aldean eman zioten hasiera XVIII. Ipuin topaketari. Trikitixarekin lagundutako bertsoak kantatu zituzten lehenbizi eta ipuinak idazten eta kontatzen duten abilezia erakutsi zuten gero, frontoira bildu zen herritar andanaren aitzinean. Pello Apezetxearen gidaritzapean, ziklo bakoitzetik ipuin bat irakurri zuten. Idazle onak direla eta istorio politak asmatzen badakitela argi erakutsi zuten. Herritarren txalo zaparrada ederraz gain, liburu bana jaso zuten guztiek egindako lanaren ordainetan. Eguerdian bazkaltzera bildu ziren haur eta ez hain haurrak. Herriko Ostatutik ekarritako menua gustura eta giro onean dastatu zuten frontoian juntatutako 30 bat lagunek. Arratsaldean ikuskizun ederraz gozatu zuten haurrek. Txan mago ezagunak saio ikusgarri eta koloretsua eskaini zuen. Bere magia trukuekin ikusle guztiak harrituta utzi zituen, objektuak desagertaraziz eta deus ez zegoen lekutik bertzeak ateriz. Musika eta argiarekin lagunduta, eguneko momenturik politena izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun