Iruritak irabazi du Baztan-Bidasoako txapelketako kopa lehiaketa

Aitor AROTZENA 2006ko mai. 12a, 18:55
Irurita taldeak luzapenean irabazi zuen kopa lehiaketa. TTIPI TTAPA

Final ikusgarria 4-2 irabazi zion luzapenean Doneztebeko Titi Ostatuar

Otsailaren 12an jokatu ziren Doneztebeko kiroldegian Baztan-Bidasoako areto-futbol kopako azken partidak. Hirugarren posturako lehian, baztandarren arteko norgehiagokan, jaun eta jabe izan zen Aise taldea. Goizalde Ostatukoek baino helduxeagoak izanik, beraien beterania nabarmendu zen eta nahiko aisa gailendu ziren, 8 eta 4ko emaitzarekin. Ondotik, kopako final handiaren txanda izan zen. Ligan bigarren izan zen Irurita eta laugarren izan zen Doneztebeko Titi Ostatua ziren aurrez aurre. Partida polita, borrokatua eta orekatua eskaini zuten bi taldeek eta luzapenera arte ez zen txapelduna erabaki.

Lehendabiziko minutuetan elkarri neurria hartzen aritu ziren bi taldeak, baina lehen zati honetan aukera gehiago eta garbiagoak izan zituen Doneztebeko taldeak, nahiz eta Irurita ongi itxi zen gibelean. Baina Titikoek gehien estutzen zutenean ailegatu zen baztandarren lehendabiziko gola, korner batean buruz sarera errematatu zutenean. Doneztebarrak berdinketaren bila saiatu ziren, baina 0-1eko emaitza horrekin ailegatu ziren atsedenaldira. Lehen zatian alderantziz gertatu baldin bazen ere, Iruritak gehien dominatzen zuenean ailegatu zen Titikoen banako berdinketaren gola. Berdinketaren golaren ondotik, kontrolik gabeko minutu batzuk ailegatu ziren, baloia eta jokalariak harat-honatean ibili ziren eta jokua bizkortu zen neurri berean zakartu ere egin zen. Kontraeraso batean bigarren gola egin zuten Iruritakoek, baina abudo xamar ailegatu zen binakako berdinketaren gola ere, korner batean.

Arauzko denbora binako berdinketarekin akitu ondotik, luzapenean kontraeraso batean ailegatu zen Iruritakoen hirugarren gola. Denbora gutti gelditzen zenez, atezain-aurrelariarekin jokatzea erabaki zuten Titikoek, baina arriskua gaizki atera zitzaien, baloia galdu eta kontraerasoan, laugarren gola sartu baitzuten baztandarrek, finala erabakiz. Azkeneko emaitza, beraz, Iruritak 4; Titi Ostatuak 2. Finalaren ondotik, kopa eta ligako sariak banatu ziren. Lehenik, saskia zozketatu zen eta 5.396 zenbakiari egokitu zitzaion.

Hainbat sari

Kopako finaleko golik onena, Titi ostatuko Jon Apeztegiaren lehenbizikoa izan zen. Epailerik onenaren saria Alberto Romanek eskuratu zuen. Kopako hirugarren posturako partidako jokalaririk onena, Aise taldeko Josu Arrieta izan zen eta finaleko jokalaririk onena Iruritako Iñaki Etxandi. Bigarren mailako pitxitxia Sasoi Eskabazioak taldeko Jon Maritxalar izan zen eta lehen mailako golegile nagusia Arraiozko Dani Etxeberria. Bigarren mailako atezainik onena Baietz peñako Xabi Pagola izan zen eta lehen mailakoa Haizegoa ostatuko Angel Urtxegi.

Bigarren mailako jokalaririk onenaren saria Xanpaleko Asier Hernandorenak eskuratu zuen eta lehen mailako jokalaririk onenarena, Kortarixarreko Patxi Barberenak. Kiroltasunaren sariei dagokienez, lehen mailan Juanma Jardin taldearentzat izan zen eta bigarren mailan Mendi Txuri taldearentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun