Adimen eritasun kronikoa dutenentzat eta familiakoentzat asteburu-pasak Larraburuan

Joseba eta Nerea 2006ko mai. 11a, 17:04
Ainhoa Arburua eta Edurne Elizagoien Etxalarko psikologoak arituko dira begirale lanetan Joseba OLAGARAI

“Arnasa hartzeko familiako proiektua” martxan jarriko da hilabete hondarrean

Anasaps-Dizdira elkarteak adimen eritasun kronikoa duten gaixoei eta euren familiakoei zuzendutako proiektu berritzailea paratuko du martxan hemendik aste batzuetara Larraburua Zahar Etxeko bigarren solairuan. “Arnasa hartzeko familiako proiektua” deitu diote antolatzaileek, Ainhoa Arburuak eta Edurne Elizagoien psikologoek, eta izenak erraten duen bezala, helburua deskantsatzea izanen da, atseden hartzea.

Bi aldeetakoen atsedena

Ainhoa Arburua proiektuaren sortzaile nagusiak aipatu digunez «helburua bi aldeetakoek deskantsatzea izanen da; adimen eritasun kroniko bat duten gaixoek eta beraien familiakoek. Izan ere, aunitzetan gaixoen familiakoek deskantsatzeko behar handiagoa izaten dute gaixoek beraiek baino eta horregatik denak elkartuko ditugu asteburu pasarako programa honetan». Talde ttikiak eginen dituzte, 7-8 lagunekoak, eta asteburu osoa pasatuko dute Larraburuan, gisa guztietako ekintzak eginez. Helburua astebururo egitea bada ere, hasieran hilabetean behin hasiko dira, martxa hartu bitartean.

Ekintza franko astebururo

Gaitz psikologikoak dituzten eskualde osoko gaixoei zuzendua dago programa eta ekintza franko eginen dituzte. «Formazio jarduerak, kirol, kultura besta eta jolaseko ekintzak… azken batean, aisialdia izanen da gure ardatza, gauza desberdinak eginez ongi pasatzeko modu lasai batean» erran digu Ainhoak. Ateraldiak eta bidaia ttikiak ere eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun