Hiru ezkilak kenduta eliza mutu gelditu da

Margari eta Koro 2006ko mai. 4a, 15:56
Ezkilak kentzeko lanak ikusgarriak izan ziren. Margari eta Koro

Tenorea ematen zuena Valladoliden urtu eta berria eginen dute

Zugarramurdiko eliza mutu gelditu zaigu: otsailaren 27an dorreko hiru ezkilak kendu baitzituzten.

Tenorea ematen zuen ezkila arras hondatua zen, eta hau Valladolidera eraman dute burdina urtu eta berriz egiteko. Bertze biak berriz, pieza batzuk gaizki eta zahartuak zituzten eta Corellara igorri dituzte, han halako lanetan aritzen den enpresa berezi batek moldatzeko.

Gauzak ongi ganez, hemendik bi hilabetetara berriz itzulian izanen ditugu hiru ezkilak, eta orduan azkeneko moldaketa eginen diete: ezkil haundiari eta tenorea ematen duenari mekanismo elektronikoa jarriko diete, horrek erran nahi du hortik aintzina ez dela ez orenaren mantenimendua egin behar, eta ezta ere ezkila eskuz jo beharko (ezkil ttikia bai).

Argazkietan ageri den bezala, ikusgarria izan zen plazan jarria zen gruak egin zuen hiru ezkilak jausteko lana, batez ere haundiena jausteko, 1.500 kilo baititu, eta jende franko hurbildu zen espektakuloa ikustera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun