Hastapenean lagun taldea besterik ez eta gaur herriko biziaren partaide

Xan Harriague 2006ko api. 25a, 18:53
1793an, frantzes iraultzaileek hamabi herritako 4.000 lapurtar Landesetara deportatu zituzten eta horietatik 1.600 hil, tartean saratarrak. Berrehun urte beranduago omenaldia antolatu zuen Sarako Gazt

Sarako gaztetxea duela 15 bat urte sortu zen. Legearen arabera 1990ko apirilaren 16an. 2005ean hamabortz urte betetzen zituela eta herriko gazteek hainbat ekitaldi antolatu zituzten. Ospakizun hauei bukaera emateko, Ortzirale Sainduko kontzertu handia. Ga

Bertze hainbat lekuetan bezala, 80garren hamarkadaren bukaeran Saran gaztetxe bat muntatzeko gogoa agertu zen. Herriko gazte koadrila bat, 18 urte gabekoa, helduagoak ziren bertze herritar batzuekin elkartu zen elkartearen lehen estatutuk idazteko. Garai hartan Manu Fagoagak, gaztetxearen lehen presidentea bilakatuko zenak, 24 urte zituen: «Ezagunak genituen hiruzpalau gazte guregana etorri ziren, eta ideia ez zitzaigun batere zozoa iruditu. Bilkuren egiten hasi ginen eta laster egoitza baten beharra ikusi ginuen».orrelakoetan maiz gertatzen den bezala, teilatu bat izateko, herriko etxearengana jo zuten. Lortu zuten egoitzak itxura txarra bazuen ere, oso ongi kokatua zen, herriko plazan. «Proposatu genien lehengo ospitalean azpiko gela hartzea. Hutsa zen eta egia erran erdi gana, abandonatua. Hain zen egoera txarrean nun erran ziguten ez zela posible. Hala ere, gure horretan segitu ginuen eta gure baitatik moldatuko ginuela hitz emanik onartu zuten». Hilabeteak joan ahala, sortzaileen taldea handituz joan zen. Inguruko herrietatik ere gazte batzuk hurbildu ziren. Laster 30 bat ziren. Etxola izendatu zuten elkartean sartzeko kuota ttiki bat eman zuten eta diru hori baliatuz, egoitzaren moldatzeari lotu ziren. Lanean hasi bezain laster, kasik abandonatua zen gela oso polita izan zitekeela ohartu ziren. «Lehengo ospitalea izanik dena plastifikatua zen, modernoa hein batean. Hori guzia ateratzen hasi ginen eta zureria, harri xabalak eta harrizko paretak denak agerian utzi genituen. Oso kontent ginen egin ginuen lanarekin».

Gaztetxe batzuen kasuan, lokal bat lortzea bukaera bat bada, saratar gazte hauentzat hasiera zen, azpiegitura bat baizik ez. Manu erran digun bezala, “gaztetxea sortu ginuen euskal konzientzia bultzatzeko eta jende batzuengan pizteko. Urte haietan ikastola hiruzpalau urte besterik ez zituen eta guk berriz laguntzeko gogoa ginuen. Ihauteriak berriz, urte txar batzuk pasatu ondoren guri eta besta komiteari esker berpizten hasten ziren. Gero horiek utzi zuten eta guk segitu ginuen. Bertzerik gabe gure ondarea garatu nahi ginuen”. Garai haietan Lapurdin, abertzalea edo euskal zalea izatea ez zen bada ezpada ongi ikusia. Frantses komunikabideen desinformazioaren ondorioz, abertzaleak edo autonomia zaleak utopistak ziren eta euskal zaleek, ezertarako balio ez zuen hizkuntza salbatu nahi zuten. Hala ere pixkanaka pixkanaka haien bidea egin zuten. Manuk erran digun bezala gaztetxeko ateak beti zabalik egon dira: «Hastapena nahiko zaila izan dugu, ez ginen Sarako gazte guziak. Kultur mailan, urteek erakutsi duten bezala aitzindariak ginen. Bertze gazteak ez ziren bada ezpada guregana hurbiltzen hala ere idekiak ginen. Gaur, ikusten dudalarik gaztetxea herriko bizian onartua dela, zinez kontent naiz».

URTEAN HAINBAT EKITALDI ANTOLATZEN DIRA GAZTETXEAN

Sarako gaztetxeak urte osoan hainbat ekitaldi antolatzen ditu. Gehienak besta giro inguruan kokatzen badira, gaur egungo batzordeak kulturari indar gehiago eman nahi dio. Duela urte batzuk Etxalar, Zugarramurdi, Bera, eta Azkaingoekin batera antolatzen zen hilabete kulturalaren haritik, erakustaldi, antzerki eta arteari lotuak diren ikuskizunak antolatu. Momentuz hauexek dira urtean antolatzen dituzten ekitaldiak. • Ihauteriak: Ortzegun Gizen eta Hausterreren arteko asteburuan ihauteriak ospatzen dituzte. Larunbatarekin, herriko baserritan eskean ibiltzen dira. Biharamunean berriz, mezatik lekora dantza batzuk eskaini ondotik Zanpatzarren auzia egiten dute eta plazan erretzen. Arratsaldean berriz Ikastolak antolatutako bazkariaren ondotik herriko ostatuen itzulia egiten dute, bentak eta herrikoak. • Herri Urrats bezperako kontzertua: Hasieran Seaskakoek antolatzen zuten duela 7- 8 urte utzi zuten. Orduan Sarako ikastolak, gaztetxeak lagundurik, lekukoa hartu zuen. Duela 2 urtez geroztik azken hauek dute bakarrik antolatzen. Kontzertu horretan aritu diren talde famatuak aunitz dira. Izen handienak emateko, Zarama, Negu Gorriak, Bap, Anestesia, Kuraia, Kashbad, Barricada…

• Gau baten inguruko gaualdia: Azken urteetako berrikuntza da. Gai baten inguruan egiten duten gaualdia, izan Jet set gaua edo Koktail gaua. • Sarako bestak: Sarako bestetan gaztetxearen idekierak, herrian ika mikak sortu bazituen ere, gaur egun, gaua bukatzeko saihestezina den ostatua bilakatu da. Lehen urteetan bakarrik ezaugarri bereziak zituzten gazte batzuk hurbiltzen baziren, azken urteetan nornahi ibiltzen da, edozein adin edota ingurumenekoak. • Lapurtarren Biltzarra: Baztandarren biltzarraren itzala ez badu ere, urriaren lehen igandean ospatzen da Lapurtarren Biltzarra. Sarako Gaztetxekoek karroa egiten dute eta Uztaritzen desfilatzen. • Urte zaharreko presoen aldeko afaria: Joan den urte zaharrean bigarrena izan zen. Ideiak lehen ediziotik arrakasta handia izan zuen. 200 afari baino gehiago ematen dira gabonetako egiazko menu batekin. Irabaziak Askatasuna elkarteari ematen zaizkio.

Joanes GARCIA Sarako Gaztetxeko presidentea

“Euskal kultura gazteengan zabaltzeko tresna da Gaztetxea” kontzertuetan gaualdietan eta afarietan biltzen duzuen diruarekin zer egiten duzue? Lehenik, saiatzen gira gaztetxea biziarazten. Egoitzan zerbait konpondu behar bada moldatzen dugu eta elkarteak dirutan dituen beharrak hortik ateratzen ditugu. Baina egia da, gure helburua ez dela Gaztetxea aberastea. Gehienetan, edo presoen kolektiboei, edo Bai Euskarari edo AEKri ematen diogu. Batez ere Euskal Herria bultzatzen duten elkarteei. Gaztetxe bat beharrezkoa da Saran? Nire ustez bai. Herri gehienetan behar liteke. Baina Sara bezalako herri batean batez ere. Herri bezala, Sara euskalduna da, baina kanpotik gero eta jende gehiago etortzen zaigu. Azkenean gaztetxea tresna bat da euskal kultura gazteengan zabaltzeko. Bertze alde gazteek haien iritzia plazaratu nahi badute, oso egokia da. Gaztetxearen etorkizuna nola ikusten duzu? Ona momentukoz. Badakizu gaztetxe bat azkenean, motibatuak diren hiruzpalau kiderekin eta gero, bertzeak laguntzen badute, aitzinera joaten da. Azkenaldi huntan gazte batzuk sartu dira, beraz, iduritzen zait oraindik etorkizuna baduela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun