Langabeziak beheiti egin zuen martxoan eskualdean

ttipi-ttapa 2006ko api. 25a, 17:59
TTIPI TTAPA

684 lagunek eman dute izena Donezteko bulegoan

Langabeziak, otsailean hasitako beherakada segitu zuen martxoan ere. Otsailaren hondarrean 700 lagun apuntatuak ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan. Hilabete beranduago kopuru horrek 16 lagunetan beheiti egin zuen eta 684 ziren. Mugimendu hori gehien aprobetxatu zutenak 25 urte baino gehiagoko gizonak izan ziren, 10 guttiago baitziren langabezian. Emakumeei dagokienez, berriz, 25 urte baino guttiago dutenetan langabezian lau guttiago ziren eta 25 urte baino gehiago dutenetan bi guttiago. Beraz, lan bila dabilen 25 urte baino guttiagoko gizasemeen kopurua ez zen mugitu.

Lan arloka, langabetu kopuruaren beherakada sentitu zen batez ere zerbitzu arloan, martxoan 14 baitziren arlo horretan lana aurkitu zutenak; eraikuntzan 5 lagunek topatu zuten lana eta nekazaritzan batek. Industria sailari dagokionez, lan eske dabilen kopurua bi lagunez goiti egin zuen eta sekulan lanik egin ez dutenen artean ere, bi gehiago ziren langabezian sartu zirenak. Martxoko aurtengo zenbakiak baikorrak badira ere, joan den urtekoekin konparatuz ez dira hain onak. Iaz, garai berean, Doneztebeko Enplegu Bulegoan 632 langabetu zeuden apuntatuak, aurten baino 52 guttiago. Urte batetik bertzera, beraz, langabeziak %8,2 goiti egin du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun