Xanti Uterga doneztebarrak jaso du 2016ko erremontelari erregularrenaren saria

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 27a, 10:27
Urrezko Erremontearen Galan saritutakoak. Argazkia: Maialen Andres

Urrezko Erremontea Urrizak irabazi du laugarren aldiz eta Erremontearen galako txapelketa azkarrean Ezkurra II eta Ion nagusitu ziren

Urrezko Erremontearen Gala egin zuten urtarrilaren 26an Galarretan, erremontearen besta handia. Oriamendi 2010 enpresak urteko erremontelari onenari ematen dion Urrezko Erremontea Javier Urrizak irabazi zuen, laugaren aldiz. Horretaz gain, urteko erremontelari onenaren saria Xanti Uterga doneztebarrak eskuratu zuen, eta Galarretan bertan jokatutako txapelketa azkarra Josetxo Ezkurra II doneztebarrak eta Ionek irabazi zuten.

 

Javier Urrizari Urrezko Erremontea emateko hainbat arrazoi izan dira. Buruz buruko txapeldun eta izateaz gain, Masters-a irabazi zuen urtarrilaren 7an, frontoi laburreko Eguberrietako txapelketa irabazi zuen, baita San Fermin eta San Isidro txapelketak ere. Binakakoan finalerdietara ailegatu zen.

 

Erregulartasunaren sariak

Erregulartasunari dagokionez, partida nagusiak jokatzen dituzten erremontelarien A multzoan Xanti Uterga doneztebarrak jaso du saria. 33,86 puntu eskuratu ditu 65 partidetan (gehieneko puntuazioa 40koa litzateke, partida guztiak irabazita). Horretaz gain, binakako txapelketa irabazi du Endika saldiastarrarekin. B multzoan Xabier Azpiroz izan da irabazleam 47 partidetan 35,72 puntu eskuratuta.

 

Txapelketa azkarra

Urrezko Erremontea txapelketa azkarra ere jokatu zuten ortzegunean Galarretan. Lehenbiziko finalerdian, Urrizak eta Azpirozek 25-23 irabazi zieten Uterga eta Etxeberria III.ari. Bigarrenean, Zeberio II eta Endikak 25-22 irabazi zieten Ezkurra II eta Ion. Baina Zeberio II.ak min hartu zuenez, Ezkurra II eta Ion pasa ziren finalera eta irabazi ere egin zieten Urriza eta Azpiroz-i, 25-23. Hortaz, finalerdia galdu arren, finala irabazi eta txapeldun izan ziren Josetxo Ezkurra eta Ion.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun