Etxegorriko Pili Mindegia jostunak jaso du Santa Luzia eguneko Zilarrezko Titarea Donezteben

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 13a, 15:21
Pili Mindegia, familiak inguratua, Zilarrezko Titarea jaso ondotik. Argazkia: Alicia del Castillo.

Igandean izan ziren eskulangileak eta minbizia duten haurrak laguntzen dituzten elkarteei laguntzeko elkartasun azoka arrakastatsua ere egin zen

Azken urteetan berreskuratutako ohiturari eutsiz, Santa Luziako feria ospatu dute Donezteben abenduaren 13an. Aurten ospakizuna bitan banatu dela erran daiteke, igandean eskulangileak izan baitziren eta minbizia duten haurrak laguntzen dituzten elkarteen aldeko ekimen arrakastatsua ere egin zen. Asteartean Doneztebeko Udalaren izenean, Malu Alvarezek egindako Zilarrezko titarea eman diote Etxegorriko Pili Mindegia jostunari, meza ondotik eta gero luntxa ere eskaini zen. 

 

Larunbat goizeko eskulangileen erakusketan eta salmentan Fausti Juanikorena (jantzigintza), Malu Alvarez (zilarra), Jose Luis Olaizola (heraldika grabatuak), Santiago Hualde (kaikuak), Miguel Arregi (zur lanak), Daniela Brato (perlatxoz egindako irudiak), Carlos Mindegia (gazta), Lourdes Goñi (etxeko postreak),  Joxe Mikeo (ttuntturroak eta bisuteria), Manuel Serrano (hisopoak), Luis Mari Esarte (zur lanak) Joxepa Loiarte eta Zubietako taldearen taloak eta 2017an Lesakan eginen den Nafarroa Oinezeko postua izan ziren.

Horretaz gain, minbizia duten haurrak laguntzen dituzten elkarteen aldeko azoka solidarioa ere egin zuen Erreka Guraso Elkarteaj. Elutxa txarangak ere karrikak alaitu zituen. Giro bikaina izan zen eta larunbat arratsaldean, Miren Amurizaren Kapulana bat zintzilik bertso jarriak emanaldiarekin ere gozatu zuten Herriko Ostatura hurbildu zirenak.

 

Etxegorriko Pili Mindegia Iriarte

Pili Mindegia Iriarte Doneztebeko Etxegorri baserriko alaba da,  bertan 1959ko urriaren 23an sortu eta bizitzako lehendabiziko urteak baserrian bizi izan zen, 15 urte bete arte, hain zuzen.

Adin horrekin Iruñeko bidea hartu zuen bere prestakuntza akademikoa segitzeko. 19 urterekin, “Corte y Confección” delako estudioak burutzea erabaki ondotik horren magisteritza tituloa atera zuen “Maria Inmaculada” monjen ikastetxean eta geroztik lan horretan aritu da beti modu batean edo bertzean.

Ezkondu ondotik bi urte Lesakan bizi izan zen eta geroztik Beran bizi da eta hasieratik jostun moldaketak eta arropa enkargoz egitera dedikatu izan da. Hasieran horretara bakarrik dedikatuz eta gero, 11 urtez segidan, jostun irakasle bezala helduentzat klaseak eman zituen, aintzinekoa utzi gabe eta bi lan horiek tartekatuz.

2003an, azkenean, “Kotoi”, kortinak eta etxeko zuntzen denda bat ireki zuen Beran, eta geroztik denda horretan segitzen du lanean, arropa moldaketak eta gisako lanak eginez, hasierako lan hura  bazter batera utzi gabe, alegia.

57 urte izanik, 37 daramazki, beraz, jostun modu desberdinetan lan egiten, batere etenik gabe, etxean moldaketak egiten lehendabiziko, helduen irakasle bezala  gero eta denda bat kudeatzen azkeneko.

Etxegorrin, lehengo baserri guztietan bezala, etxeko arropak etxean konpontzen ziren eta Pilik haurretan hori ikusi zuen bere inguruan. Hortik aparte Piliren ama zenak, Ingraxi Iriartek, txaketak, bufandak, galtzerdiak, etab… egiten zituen etxekoendako eta baita “Txaketa Baska” delakoak eta edozein bertze lan enkargoz, bere denbora libre eskasean lau sos ateratzeko asmoz. Bere izeba Tere Mindegiak ere arropa berriak egiten zituen enkargoz. Baliteke hor piztu izana Piliren afizioa, gero ofizioa bihurtu zena eta lanbidea izan dena gaur egun arte.  Seguraski Ingraxi harro joan zen mundutik alaba lan horretara dedikatu izana ikusita.

  

Zilarrezko Titareak

Urtez urte, hauek izan dira Zilarrezko Titarea jaso dutenak Doneztebeko Udalaren eskutik:

Maria Eraso (1999)

Patxi Astiz (2000, gizaseme bakarra)

Mari Carmen Elizalde (2001)

Virtudes Etxebeste (2002)

Pepita Apeztegia (2003)

Pakita Andiarena (2004)

Mariela Olaizola (2005)

Angeles Buenetxea (2006)

Maria Teresa Mindegia (2007)

Loli Ostolaza (2008)

Mari Cruz Arregi (2009)

Maria Dolores eta Mercedes Sarratea (2010)

Maria Jesus Elizondo (2011)

Esther Pascal (2012)

Enrique Taberna (2013)

Blanca Bañares (2014)

Ixabel Juanikorena (2015)

Pili Mindegia (2016)

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun