Solaspoteoan ibili dira eskualdeko Solaslagunak Donezteben

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko aza. 29a, 15:34
Gustura ibili ziren solasagunak poteoan Donezteben barna.

19 lagun eta musikariak bildu ziren azaroaren 26an

Eskualde osorako Solaslagunendako luzatutako saio Osagarria izan zuten azaroaren 26an Donezteben; jada zortzigarren urtea da jarduera hau antolatzen dutela. Ohikoa bihurtu da Komunikazio Kanpaina akitzen dutelarik, azaroan, gure artean elkartu eta poteoa antolatzea. Giro goxoan eta lasaian elkar ezagutu eta taldeen berri izaten duten.

 

Larunbatean 17:00etan jarri zuten hitzordua Xanti ostatuan, mantso-mantso eskualde osotik hasi ziren Solaslagunak ailegatzen; agurrak eta aurkezpenak izan ziren protagonistak atal honetan, batzuek elkar ezagutu eta bertze batzuek berriz, aspaldiko lagunak agurtzeko aukera izan zuten.

Honela bada, solas eta lagun artean pasatu zuten arratsaldea. Musika, kantak, dantzak eta berendua ere ez zuten faltan izan. 19 lagun eta musikariak egon ginen Doneztebeko karriketan barrena, herria alaitu genuen eta berriz ere, euskara ikasten ari direnenek aukera izan zuten arratsalde osoan euskara hutsean aritzeko; bidelagunak 7, euskararen transmisioan laguntzeko prest eta bidelariak 13, euskara praktikatzeko gogoz.

Bidelari batek erraten zuen moduan; «hau da hau aukera polita! Jendeak ez daki zer galtzen duen! Hau euskaraz praktikatzeko aukera ezin hobea da, gainera ez dago inongo azalpenik eman beharrik; hau da, beti euskara ikasten ari naizela aipatu behar izaten dut, nirekin mantso eta pazientziaz aritzeko, eta hemen berriz, modu natural batean egiten da».

Hori da Solaslaguna inongo konplexurik gabe eta inongo azalpenik eman behar izan gabe euskaraz lasai bizitzeko eskaintzen duen egitasmoa. Herritarrak euskaraz ezagutu, gure hizkuntza ohiturak aldatu eta gure euskara sareak handitzen laguntzen duen egitasmoa.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun