Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketa irabazi du Mieltxo Mindegiak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 4a, 11:36
Mieltxo Mindegia lanean eta Mikel aita erakusle, igandean Etxarri-Aranatzen. Argazkia: Nerea Mazkiaran (Diario Noticias)

Zigako Josean Etxeberria azpitxapeldun izan zen eta biak lehen mailan lehiatuko dira

Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketa jokatu zen urriaren 2an Etxarri Aranatzen eta bertan Mieltxo Mindegia zubietarra suertatu zen txapeldun. Zigako Josean Etxeberria bigarren izan zen, eta hortaz, biak lehen mailan ariko dira heldu den urtean.

 

Mieltxo Mindegia, aita erakusle zuela, jaun eta jabe izan zen hasieratik eta aldea handitzen joan zen pixkanaka-pixkanaka. Azkenean, 15 minutu eta 40 segundo behar izan zituen bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat mozteko. Honela, txapela eta maila igoera lortu zituen. Bigarren posturako lehia gogorra izan zuten Zigako Josean Etxeberriak eta Arostegiko Oier Kañamaresek. Azkenean, baztandarra gailendu zen, 17 minutu eta 8 segundoko denborarekin. Kañamaresek 7 segundo gehiago behar izan zituen (17:15). Etxeberriak, bezperan Igantzin Euskal Herriko hirugarren mailakoa irabazi eta bigarren mailara igotzea lortu ondotik, Nafarroakoan bigarren mailatik lehenengora igatea ere lortu du asteburu batean.

Laugarren postua Iban Resanorentzat izan zen (18:24) eta bosgarrena Eneko Saralegi leitzarrarentzat (18:35).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun