Ohorezko kide berriak izendatu ditu Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiak Elgorriagan

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 3a, 10:40
Elgorriagako Onddo eta Zizaren Kofradiako kide berriak, Jose Miguel Galarregi presidentearen solasak txalotzen.

Urriaren 2an egindako ospakizunean Onddoaren Enbaxadorea ere aukeratu dute

Akitaniako Urrezko Marmita Kofradiako kide den Daniel Vinizpert, Tenerife eta Errioxako Ardoaren Kofradietako kide den Antonio Javier Acevedo, TVE Telebistako “Aquí la tierra” saioarengatik ezagun den Mar Villalobos kazetaria eta Lourdes Goikoetxea Nafarroako Gobernuko kontseilari ohia dira Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiako Ohorezko kide berriak. Horretaz gain, Errioxako Ardoaren Kofradiako Maisu Handia den Javier Gracia Leria Onddoaren Enbaxadore ere izendatu zuten urriaren 2an Elgorriagan Kofradiak egin zuen hogeita hirugarren besta egunean. 

 

Kofradiako zapela, domina eta kapa marroia Jose Miguel Galarregi presidentearen eskutik jaso eta jantzi ondotik, Santa Maria la Real Abesbatzaren kantuak aditu zituzten. Ospakizunean, Onddo eta Zizen Kofradiako kideez gain, Nafarroako Zainzuriaren Kofradiakoak, Kaskanteko Ardoaren Kofradiakoak, Nafarroako Olioarenak, Volatinaren Ordenarenak, Bidazoko Izokinarenak, Sarako Usoarenak, Beasaingo Odolkiarenak, Ziburuko Ttoroarenak, Donostiako Euskal Gastronomiarenak, Errioxako Ardoarenak eta Irungo Anakakoak ere izan ziren, bertzeak bertze.

Meza aitzinetik, Elgorriagako balneariotik elizara joan ziren kalejiran, Zubietako joaldunekin batera. Ondotik, berriz, Juanito Mariezkurrenaren omenez onddo kaxula lehiaketa egin zen eta betran, Bidasoko Izokinaren kofradia suertatu zen garaile, Donostiako Euskal Gastronomiaren kofradiaren eta Beasaingo Odolkiarenaren aitzinetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun