Onddo eta Zizen Kofradiaren besta haundia asteburuan ospatuko dute Elgorriagan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ira. 29a, 08:52
Asteburuan onddoa protagonista izanen da Elgorriagan bertze urte batez.

Igandeko hogeita hirugarren edizioan kofrade berriak izendatuko dituzte

Aurten hogeita hirugarren edizioa beteko du Nafarroako Onddo eta Zizen Egun haundiak Elgorriagan, Onddo eta Zizen Kofradiak antolatua. Urriaren 1 eta 2an, igandean Elgorriagara joaten direnek onddo eta bertzelako produktuak dastatzeko aukera paregabea izanen dute. 

 

Urriaren 1ean, larunbat arratsaldeko 8etan Errioxako ardoaren dastaketa berezia hasiko da eta ordubete beranduago, Xalbador Arotzenaren omenez onddo kaxuela lehiaketa hasiko da. 22:00etan afaria eginen dute.

Urriaren 2an, igande goizeko 9:30ean kalejira eta ibilaldia eginen dute kofradiako kide berriek bainuetxetik herriraino, Zubietako joaldunen laguntzarekin. 10:00etan meza ospatuko da, Abesbatzak kantatua. Ondotik kofrade berrien izendapena eginen da, baita Onddo Enbaxadoaren izendapena ere. 11:00etan Zubietako joaldunak eta txaranga karrikaz karrika ibiliko dira. Eguerdian, kofradien eta gonbidatuen artean ohiko onddo kaxuela lehiaketa eginen da frontoian, Juanito Mariezkurrena zenaren omenez. Txapelak, dominak eta Sueños Sanvirila kateko egonaldiak izanen dituzte saritzat. 13:00etan onddo pisutsuenaren Sanvirila txapelketa jokatuko da. Ondotik, bortz saski onddo eta sari ezberdinen zozketa eginen da, baita onddo eta Nafarroako produktuen dastaketa ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun