Donamaria-Gazteluko mapa turistiko berria argitaratu dute

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 8a, 09:23
Erdi Aroko Jauregia da Donamaria-Gaztelu erakargarri nagusietako bat.

453 bizilagun dituen herriko baliabide turistikoak ezagutzera ematen ditu

Donamaria-Gazteluko udala eta herriko zerbitzu turistiko desberdinek,  herriko mapa turistiko berria argitaratu dute. Honek zonaldeko baliabide turistikoak ezagutarazten ditu: ondarea, ibilbideak, bisita gidatuak, zerbitzuak, alojamenduak...

 

Donamaria-Gaztelu, sei herrigunetan banatutako 453 bizilagun dituen herria da eta ikaragarrizko ondare arkitektonikoa eta kulturala ditu: elizak, baserriak, garbilekuak... baita Erdi Aroko dorretxe bat ere, Donamariko Jauregia. Jauregia defentsarako dorrea eta leinu-etxea izan zen XIV. eta XV. mendeetan. Berriki zaharberritua izan da. Harrizkoak dira beheko bi solairuak eta egurrezkoak gainekoak. Dituen ezaugarri arkitektonikoen arabera, Nafarroan gisa honetako gelditzen den dorretxe bakarrenetakoa da.

Mendietako pagadi eta hariztiek eta baserri inguruetako soro berdeek edertasun handiko paisaia osatzen dute. Hortaz, naturaren xarma hurbiletik ezagutzeko, ibilbide zoragarriak egin daitezke. Horien artean, PR-100 (Ibargoiara) ibilbide lasaia, edota Trosketako ur-jauzi, erromatar galtzada eta Eteneko-gaineko megalitoetara eramaten duen ibilbidea. Berezitasunen artean, hagin ikusgarriak ere aurki daitezke. Modu berean, badago mendi pistak elkartzen dituen BTT ibilbidea.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun