Doneztebeko karriketan zakurren kakak eragozteko kanpaina hasi du Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 27a, 08:02

Jabeei eskutitz pertsonalizatua bidaliko zaie eta kartelak, bandoak eta bertzelako ekimenak eginen dira 

Intzakardi, Mourges karrika, Elizagibela, Zazpigurutzetako parketan baita Doneztebeko karriketan maizegi oinek topo egiten dute hainbat herritarren zakurrek egindako kakekin. Denok dakigu zakurrak animalia arras maitatuak direla, baina herritarren arteko elkarbizitza eta arazoak ekiditeko,  zakurren kakaren  kontrola, baita zakurrek gure parke eta karriketan nola joan behar duten garbi adierazteko, udalak kanpaina diseinatu du. 

Kanpaina hau gizalegezko  jokaera bultzatzeko  eta eremu publikoen babesa arautzen duen ordenantzan oinarritzen da. Burututako ekimenen barrenean Udalak zakurren jabeei eskutitza pertsonalizatua bidaliko die. Bertan parketan zakurrak ibiltzea debekatua dagoela garbi adieraziko da. Horretaz gain, animaliek lotuta joan behar dutela aipatu, baita egindako kaka jabeei jasotzea dagokiela ere aipatuko da.  Gai honekiko arreta piztu eta kontzientziazioa areagotzeko, eskutitzaz gain, kartelak, bandoak...  eginen dira.           

Etorkizunari begira, udala beste neurri batzuk aztertzean ari da: kakak egiteko gune bat eraiki, hainbat tokitan kakak biltzeko poltsak altxatzeko guneak...

Udalak era positibo eta aktiboan abiatu du ekimen hau eta herritarrak dagokion ardurak hartzera animatuz. Arauak eta aholkuak beteko ez balira, udalak neurri gogorragoak  baita isunak ere aurreikusten ditu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun