Euskal Herriko Herriartekoarekin borobildu du denboraldia Doneztebek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko uzt. 26a, 08:28
Doneztebeko pilotariak eta ordezkariak kontent, hirugarrenez Euskal Herriko txapela jantzi ondotik.

Uztailaren 23an Zarautzen jokatutako finalean 2-1 irabazi zion Azpeitiari

Denboraldi honetan Berria txapelketa irabazi zuen lehenik Errekak eta Nafarroako Herriartekoa Doneztebek. Uztailaren 23an, Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketaren finala ere irabazi zion Doneztebek Azpeitiari, denboraldi bikaineko hirugarren titulua irabaziz. 2011 eta 2012koen ondotik, Euskal Herriko Herriarteko hirugarren titulua ere irabazi dute Patxi Ordokiren mutilek.

 

Finaleko lehen partida, kadete mailakoa, Azpeitiak irabazi zuen. Nahitaezkoa zuten garaipen hori gipuzkoarrek itxaropenen bat izateko, teorian bederen, jubenil eta senior mailan faborito argiak baitziren Doneztebekoak. Beraz, kadete mailako lehen partidan nagusitasunez hasi ziren irabazten Iriarte eta Egiguren(10-0 eta 14-4), baina Enaitz Telletxea igantziarra mina egiten hasi zen sakearekin eta Gaizka Agirre narbartearraren laguntzarekin 15-13 hurbildu ziren. Halere, azpeitiarran nagusitu ziren azkenean, 22-18.

Beraz, Doneztebek bertze bi partidak irabazi behar zituen nahitaez txapela eskuratzeko, eta ez zuen hutsik egin. Jubenil mailan, Iker Salaberriak eta Jon Mariezkurrenak 8-22 irabazi zieten Unanue eta Alberdiri. Azpeitiarrak 6-3 irabazten hasi ziren, baina 0-12ko partzial bati esker buelta eman zuten Doneztebeko ordezkariek eta garaipen garbia eskuratu.

Senior mailan ere, Doneztebeko Joanes Bakaikoak eta Jon Gorritik 22-10 irabazi zieten Etxeniz eta Murgiondori. Emaitza argia badirudi ere, 13-9ra arte berdindua eta gogorra joan zen partida, baina erditik aitzinera, sendo mantendu zen Gorriti gibeleko koadroetan eta horri esker, Bakaikoak pilota onak izan zituen tantoa akitzeko.

Beraz, bigarren garaipenarekin, Euskal Herriko Herriarteko txapela hirugarrenez etorri da Doneztebera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun