Zigako Joxean Etxeberriak lortu du Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako finalerako txartela

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko uzt. 4a, 11:38
Zigako Joxean Etxeberria izan zen onena Doneztebeko kanporaketan.

Doneztebeko Bear-Zanan uztailaren 2an jokatutako lehen kanporaketan Oier Kañamaresek eta Jokin Alkizaletek ere eskuratu dute finalerako postua

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketaren lehen kanporaketa jokatu da uztailaren 2an, larunbat eguerdian Doneztebeko Bear-Zana pilota plazan.  Lau kanaerdiko moztea izan zen kanporaketetako lana eta hiru lehenbizikoak sartu dira finalean: Zigako Joxean Etxeberria (10:52), Arostegiko Oier Kañamres (11:10) eta Jokin Alkizalete gipuzkoarra (12:12:25).

 

Bi lehenbizikoak nahiko garbi nagusitu ziren, baina finalerako hirugarren txartela zentesimen barrenean egon zen. Izan ere, Aritz Irazabal bizkaitarrak 8 zentesima gehiago bertzerik ez zituen behar izan lana akitzeko (12:12:33).

Beintza Labaiengo Migel Angel Etxeberria eta Jon Telletxea eta Zubietako Mikel Indakoetxea elkarrengandik hurbil baina sailkapenetik urrunago ibili ziren hamargarren, hamekagarren eta hamabigarren izan bai ziren (13:17, 13:19 eta 13:22).

Bigarren kanporaketa abuztuaren 28an izanen da Lakuntzan, Patxi Mindegia zubietarra, Asier Pellejero aresoarra eta Eneko Saralegi leitzarra izanen dira eskualdeko aizkolariak. Nafarroako ordezkaritza Iban Resanok, Goizeder Beltzak, Iker Gorritik eta Josu Agirrek osatuko dute; Gipuzkoatik Aitor Urteaga, Urtzi Olasagasti eta Unai Otaegi; Bizkaitik Aritz Oregi, Xabier Garcia eta Done Itxausi eta Arabatik Iñaki Kintana ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun