Giro ederrean joan da Sunbillako Asteburu Kulturala

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 20a, 11:50
Sunbillako frontoia jendez gainezka egon zen igandean, eskulangileen lanak ikusteko.

Bederatzigarren lehiaketara aurkeztutako zortzi gazten artean Koro Elizondo eta Migeliko Antzizarrena suertatu zen garaile

Sunbillako Asteburu Kulturala giro ederrean joan da. Ekitaldiz betetako asteburua eta denetan parte hartze handia izan da, nahiz eta eguraldiak ez duen batere lagundu. Igandean, Artisau Azokaren eta gazta lehiaketaren bederatzigarren edizioa egin zuten.

 

Ortziralean haurrak txokolatadarekin hasi zuten atsaldea eta ondotik Jokulandiaz gozatzeko aukera izan zuten. Ilunabar partean berriz, helduenek Antonio Andevaloren eskutik magia eta umorez nahasitako emanaldia ikusteko aukera izan zuten eta ondoren afari autogestionatua dastatzeko aukera ere. Mus txapelketan 13 bikotek parte hartu zuten. Julen eta Urko Ibarra izan ziren irabazleak, bigarrenak Koro Zelaieta eta Ruben Irigoien, hirugarrenak Timo eta Iñaki Etxeberria eta laugarren Joxe Mari Alzuri eta Ander Lizarralde.

Larunbatean, lehenengo orduan, denbora txarra egin bazuen ere, kuadrilla batek Suspirorako mendi itzulian parte hartu zuen. Suspiroko bordan gosare eder bat egin zuten. Goiz-arratsaldean Jokulandiaz gozatzeko aukera izan zuten berriz ere haur eta gaztetxoek. Ilunabarrean Mendi Abesbatzak emanaldi ederra eskaini zuen elizan. 11 kanta abestu zituzten ipuin baten inguruan. Haurrak lotaratzeko soinuak kantan herriko bi txistulariek parte hartu zuten, Markel Agestak eta Egoi Irigoienek.

Igandean, berriz, bederatzigarren urtez segidan Artisau feria eta Gazta lehiaketa egin ziren. Eskulangile aunitz bildu ziren frontoian eta horien artean herriko talogileak zeuden. Herriko gaztetxoak ere boletoak saltzen aritu ziren. Guztira 900 bat boleto saldu zituzten eta zare eder horren irabazlea Urtzi Larzabal izan zen. Gazta onenaren saria, berriz, Koro Elizondo eta Migeliko Antzizarrek eraman zuten (hauek bertan ez zeudenez beraien biloba Oier eta Naroa Petrirenak jaso zuten saria), bigarrena Xibolako Xanti Espelosinek eta hirugarrena Pixarnekobordako Juana Mari Migeltorenak. Eguerdi partean herriko dantzariek emanaldia eskaini zuten.

Erran bezala, asteburu paregabea izan da. Nahiz eta eguraldiak deus ez lagundu ekitaldi guztiak egiteko aukera izan zen. 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun