Malerrekako eskuz binakako pilota txapelketarako izen emateko epea zabalik

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 9a, 08:44
Finalak heldu den urteko otsail hondarrean edo martxo hasieran jokatuko dituzte Doneztebeko udal pilotalekuan.

Azaroaren 1era arte apunta daiteke Errekak antolatutako txapelketan

Erreka Elkarteak antolatutako Malerrekako XIV. eskuz binakako pilota txapelketan izen emateko epea zabaldu dute azaroaren 1era arte. Heldu den urteko urtarrilaren erdialdera hasita, zazpi kategoriatan banatuak ariko dira pilotariak: benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, jubenilak, bigarren mailako seniorrak eta senior elite. Kategoria guztietan lehiaketa irekia izanen da, senior elite kategorian izan ezik, hemen pilotariak gonbidatu eginen baitituzte.

 

Kanporaketa moduan jokatuko da txapelketa eta finalak otsailaren azken astean edo martxoko lehendabizikoan izanen direla aurreikusten dute antolatzaileek. Izen ematea posta elektroniko bidez egin daiteke (salaae@gmail.com) eta izen emateko orrian, telefonoaren zenbakia eta posta elektroniko helbide bat jarri behar dira. Parte hartzeko federazio lizentzia eguneratua ere derrigorrezkoa da.

Benjamin, alebin, infantil, kadete eta jubenil mailako partidak igande goizetan jokatuko dituzte eta senior mailakoak, bigarren mailan nahiz eliten, asteazken arratsaldetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun