Giro ederrean joan zen Errekaren Eguna

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko eka. 15a, 11:08
Errekako beteranoek ikuskizun bikaina eskaini zuten

Izarren taldearekin Europako txapeldun izan den Eduardo Gurbindo aritu zen eta Ibai Meokiri omenaldia eskaini zitzaion 200 lagun bildu zituen afarian

Eguraldiak ez zuen lagundu, baina halere giro ederrean joan zen ekainaren 13an Errekaren Eguna. Izarren eta Errekako seniorren arteko eskubaloi partidan, hainbat jokalari handi izan ziren, baina azken orduan Eduardo Gurbindo Europako txapeldunak ez zuen etortzerik izan. Ibai Meokiri ere omenaldia eskaini zitzaion.

Errekaren Eguneko ospakizunak bezperan, ortziralean hasi ziren. Roberto Ordaxek Annapurnako trekkinari buruzko diapositiba emanaldi gustagarria eskaini zuen. Mus txapelketan 33 bikote aritu ziren eta horien artean Urko Loiarte eta Unai Arozena nagusitu ziren, Fermintxo Jorajuria eta Ibon Rekarteri finalean irabazita.

Baina ekitaldirik gehienak larunbatean izan ziren, gehienak kirolarekin eta, batez ere, eskubaloiarekin lotuak. Goizean harrobiko jokalari ttikienen txanda izan zen, baita judo eskolakoena ere. Arratsaldean, ikusmin handia piztua zuten partiden txanda izan zen. Errate baterako, urte osoan Txomin Mindegiarekin entrenatzen aritu den neska taldea mutiko kadeteen kontra aritu zen eta berdindu egin zuten. Segidan, Errekako jokalari beteranoen txanda izan zen eta urteak eta kiloak pilatu arren, oraindik ere eskubaloia zainetan daramatela erakutsi zuten. Gero, partida nagusia, Errekako seniorrek izarren taldearen kontra jokatutakoa. Ibai Meoki doneztebarraz gain, Carlos Chocarro, Iñaki Peciña, Miguel Goñi edo Julen De Carlos bezalako jokalari handiak izan ziren. Min hartua dagoen Niko Mindegiak aulkitxoan eseri behar izan zuen. Halako izar pilarekin normala zen Errekakoek galtzea, baina halere estu hartu zituzten izarrak. Partidaren atsedenaldian Erreka dantza taldekoek emanaldia eskaini zuten.

Arratsaldeko ekitaldiak ederki joan baziren, zer erran Santa Luzia Plazako afariaz. Eguraldiak ez zuen lagundu, baina 200 lagun bildu ziren karpa azpian afaltzera. 1976tik honat Errekaren historia erakusten zuen bideo hunkigarria pantailaratu zuten eta Ibai Meokiri omenalditxoa ere eskaini zioten, Donezteben eta Errekan dituen sustraiak doan lekura doala eramateagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun