14 ahari aurkeztu dira Doneztebeko Udaberriko feriako lehiaketara

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 11a, 07:01
Malerrekako ahari lehiaketako saridunak, nagusiekin eta udal ordezkariekin.

Lehenbiziko sariak Donamariko Zabaltenera eta Oizko Agortenekobordara joan dira

Doneztebeko Udaberriko feria bederatzigarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 18an, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur eta Doneztebarrak elkartearen laguntzaz antolatua. 14 ahari aurkeztu ziren lehiaketara, joan den urtean baino 8 guttiago, baina aitzineko edizioetako kopuru beretsua.

Goizeko 11etatik eguerdiko ordubatetara bederatzigarren ahari lehiaketa egin zen Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten 14 buru aurkeztu ziren lehiaketara, 9 artzainen eskutik. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, 6 ahari muturbeltz eder aurkeztu ziren. Horien artean, Donamariko Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutakoarentzat izan zen 120 euroko lehen saria. Bigarren saria, 70 euro, Urrozko Iturraldeko Eustasio Mariezkurrenaren ahariarendako izan da eta hirugarrena, 50 euro, Beintza-Labaiengo Dolareko Pepe Etxeberriarenarenako.

Mutur gorrien atalean, 8 buru aurkeztu dira eta diru-kopuru bera izan dute saritzat hiru lehenbizikoek. Lehenbiziko saria Oizko Agortenekobordako Mari Joxe Urrozek aurkeztutako ahariarentzat izan da. Bigarren saria Iturengo Apezeneko Jesus Azpirozenak lortu du eta hirugarrena Iturengo Zubialdeko Isidro Bazterrikaren ahariak eskuratu du. 

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta, eguraldia lagun, azienda feria polita gelditu zen ortziral eguerdian, Martin anaiek eta Mikel Mendiburuk aurkeztutako behi, zaldi eta astoekin. Gainera, azken urteetan bezala, elizako gorapean izan ordez, Bordatxo aldeko aparkalekuan bildu diren 15 bat eskulangileek eta   Doneztebarrak elkarteko merkatariek ere beraien produktuak atera dituzte eta horrek lagundu du feria giroa ederragoa izan dedin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun