Irribandaren bi emanaldiak bikainak izan ziren

Aitor AROTZENA 2015ko urt. 8a, 09:19
Aitor AROTZENA

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunekin batera, herriko musikari, dantzari eta talde ezberdinek parte hartu zuten abenduaren 21ean, bi saiotan eskaini zen Irribanda ikuskizun bikainean. Hasiera batean emanaldi bakarra ematekoa zen, baina salgai paratu orduko sarrera guztiak agortu zirenez, bi emanaldi egin zituzten eta bietan jendez gainezka ageri zen udal pilotalekua.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen kantu ezagunekin eta antzezlanarekin batera, Lesakako musika, kantuak eta dantzak ere taularatu zituzten, zehazki Pepito Yancik konposatutako Lesakari eta, emanaldia bukatzeko, zakozarrak ere atera ziren, Lesakako inauterien doinuekin. Giro bikaina sortu zuten pilota plazan. Musika Bandak, Zakozar baten irudia oparitu zien pailazoei eta Udalak ere litografia eskaini zien.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun