Abenduaren 21an, igandea, arratsaldeko 4:30an eta 7etan, Lesakako Udal Pilotalekuan Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ekin batera, Lesakako musikari, dantzari eta talde ezberdinek parte hartuko duten Irribanda ikuskizuna eskainiko da. Zehazki, Lesakako Musika Banda, Lesakako abesbatza, Giltzarri Abesbatza, Tantirumairu ikastolako eta Irain eskolako ikasleak, helduen dantza taldea eta sevillanen dantza taldea aritzekoak dira ikuskizunean.
Hasiera batean emanaldi bakarra ematekoa zen, baina salgai paratu orduko sarrera guztiak agortu zirenez, bi emanaldi egitea erabaki dute. Honela, 4:30eko sarrera guztiak agortuak daude eta 7etarako emanaldirako bakarrik eskura daitezke orain.
Sarrerak 9 eurotan (2 urtez beheitikoek doan) salgai jarri dituzte abenduaren 10etik aitzinera eskualdeko hainbat tokitan. Lesakan, udal kiroldegian eta Xagu, Legarra eta Telletxea liburudendetan; Elizondon, Intza eta Pirrin ostatuetan; Donezteben, Ameztia jatetxean; Sunbillan, Bustitz ostatuan; Arantzan, Aterpe jatetxean; Etxalarko Herriko Ostatuan; Igantziko La Villa jatetxean eta Berako Xugan (egunean bertan 100 sarrera jarriko dira salgai Pilotalekuan). Leku arazoak direla eta, haurrendako silletarik ez eramatea gomendatzen dute.
Antolakuntzan, egunean bertan laguntzeko ere boluntarioak behar dituzte. Interesa bazenu, idatzi kultura@lesaka.net helbidera edo deitu 690 23 00 31 telefonora.