erran.eus

Ekimen ugari antolatu dituzte Leitzako Udaletxearen 100. urteurrenaren harira

  Gizartea  Leitzaldea  Leitza

Otsailaren 18an hasi eta azarora bitarte, herriko memoria bildu eta lantzeko helburuarekin 

1917ko abuztuaren 11n Leitzako Udaletxe berria inauguratu zuten garai hartako agintari eta herritarrek. Urte bat baino gehiago iraun zuten berrikuntza lanek eta, besteak beste, ezkerraldeko  eta eskuinaldeko nabe edo eranskinak gehitu zitzaizkion eraikinari. Ordutik eraikinaren barruan hainbat lan egin diren arren, kanpoaldetik ez du beste aldaketarik izan. Urteurren hori aprobetxatuz herriko memoria dantzan jarri nahi izan du Leitzako Udalak eta urte osoko egitaraua osatu du. Hala, otsailean hasi eta azarora arte, egitasmo ugari izanen dira, baita zenbait sorpresa ere,  herriko historia bildu eta lan­tzeko helburuarekin. 

Ekimen ugari antolatu dituzte Leitzako Udaletxearen 100. urteurrenaren harira
Leitzako udaletxea 1915ean ageri da ezkerrean eta 1917ko abuztuaren 11n egindako inaugurazioa, eskuinean. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Otsailaren 18an, larunbatean emango diote hasiera programari Udaletxean jarritako argazki erakusketaren inaugurazioarekin. Erakusketa iraunkorra izanen da eta egunero egonen da zabalik. Bertan, Udalak 1915ean onartutako eraikin berriko planoak eta herriko argazki zaharrak ikusteko aukera izanen dute bisitariek.

 

‘Leitza argazki zaharretan’ liburua

Mendeurrenaren aitzakian hiru helburu nagusi jarri dituzte: Leitzako Udala herritarrengana gerturatzea, Leitzako altxorrak biltzea eta lan horretan auzolana bultzatzea. Leitza argazki zaharretan liburuan bilduko dituzte helburu guztiak. Kultur Aroaren baitan aurkeztuko dute eta Leitzako memoria bilduko duen euskarria izanen da. Bertan, 1915eko udalak onartutako planoak, udaletxe barruan izandako jarduerak eta herriko argazki zaharrak jasoko dira. Liburuko argazkiak auzolanean bildu dira eta herritarrek 3.000 argazki inguruko ekarpena egin dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa