Uitziko tunela ixtea erabaki du Plazaola Partzuergo Turistikoak

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 15a, 08:33

Azken bi hilabetetako euriek argiztapen sistema eta zorua kaltetu dute eta orain moldatzen lanean hasiak dira

Plazaolako Partzuergo Turistikoak Plazaolako Bide Berdean dagoen Uitziko tunela ixteko erabakia hartu du, eta horrekin bertatik igarotzea saihestu, azkeneko bi hilabeteetan sortu diren kalteak ikusita. Izan diren euriteengatik, tuneleko argiztapen sistema eta zorua bera oso kaltetuak izan dira, eta konpontzeko obrak egiteko ixtea erabaki dute 

 

Horrela, Leitza eta Lekunberri artean dagoen Natur Bideko tartea puntu honetan moztuta gelditzen da (Uitziko Geltokiaren parean Lekunberritik abiatuta; eta Txoribaso eta Kitarranbueltan gertu Leitzatik abiatuta). Tunelak 2. kilometrotik aurrera (Lekunberritik) dagoen 300 metroko zati batean ditu kalte handienak. Gogoratu dezagun, 2.700 metrorekin, Europako Natur Bide bateko luzeena dela.

 

Aste Santurako konponketa

Konponketa lanak dagoeneko hasi dira eta azkar bukatzea espero du Partzuergoak. Hasiera batean, bukatzeko epea Aste Santua da, eguraldiak laguntzen duen heinean, lehenbailehen egitea saiatuko dira. Horretarako, Plazaolako Partzuergo turistikoak inplikatuta dauden udalekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera lan egiten ari da.

Bitartean, sortu daitezken eragozpenak sentituz, natur bidetik aurrera segitu nahi duten horientzat, tunela saihesteko, NA-1700 errepidetik igarotzea gomendatzen dute, beti kontu handiz kotxeak ibiltzen direlako, eta errepide hauei dagokien arauak errespetatuz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun