Iberoko dorrea konpontzeko 450.000 euroko inbertsioa eginen du Nafarroako Gobernuak aurten

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 10a, 09:18
Ezker-eskuin, Fernando Pérez Gómez Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendaria, Unai Loiarte Goizuetako alkatea, Mikel Zabaleta Leitzako alkatea eta Iñaki Sagredo arkeologoa, ostegunean Goizuetan.

Teilatua konpondu eta hormak berritu eta indartzeaz gain, burdinolaren historia eta ondarearen garrantzia  azalduko duten panelak ere jarriko dira dorrean

Otsailaren 8an Ibero ingurua bisitatzera hurbildu zen Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza eta biharamunean, otsailaren 9an Fernando Pérez Gómez Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaria ere Iberon egon zen, VI. Mendean eraiki zen burdinolaren gaur egungo egoera ezagutzen. Aipatu zuenez, Nafarroako Gobernuako Iberoko dorrea berreraikitzeko 450.000 euroko inbertsioa eginen du aurten.

 

Gogoratu behar da, 2006 urtean teilatua erori zen geroztik, asko hondatu dela eraikina. Bisita aprobetxatuz, Leitza eta Goizuetako udalek, Iñaki Sagredo arkeologoak Iberori buruz egindako txostena entregatu zioten Fernando Perez zuzendariari.

Oso garrantzitsua bi udalentzat Erdi-Aroko burdinolak dituen arazoei irtenbidea ematea eta ondare garrantzitsu hau zaintzea. Horregatik, auzolanean aritu dira bi herrietako ordezkariak, Iñaki Sagredorekin batera, txostenak prestatu, bisitak lotu eta gaia lantzen. Bisitaren balorazio oso positiboa egin dute. Asteazkeneko eta osteguneko hitzorduen helburuak ziren Iberoko ondarea ezagutaraztea, dorrearen hondatze maila eta gaur egun duen egoera aditzen ematea, eta berau konpontzeko laguntza eskatzea Nafarroako Gobernuari.

Helburu horiek hein handi batean beteta ikusten dituzte Leitza zein Goizuetako Udalek, izan ere, Kultura Zuzendariak aditzera eman duenez Nafar Gobernuak Iberoko dorrea berreraikitzeko 450.000 euroko inbertsioa eginen du 2017an. Diru horrekin eraikina bere osotasunean konponduko da.

Lanak eraikinaren kanpoaldean zein barrualdean eginen dira, hala nola, teilatua konpondu, hormak berritu eta indartu. Gainera, Iberoko burdinolaren historia eta ondarearen garrantzia azalduko duten panelak ere jarriko dira dorrean.

Iberon zonaldeko historiaren zati bat eta altxor handi bat dago. Mende askotan inguruko ekonomiarentzat garrantzitsua izan zen burdinola. Eta etorkizunean ere, hala nahiko genuke izatea. Iberoko dorrea eta inguruek ezaugarri bikainak dituzte eskualdearen garapena eta turismo jasangarria bultzatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun