erran.eus

Ibero ingurua berreskuratzeko laguntza eskatu dute Leitza eta Goizuetako Udalek

  Gizartea  Leitzaldea  Leitza

Nafarroako Parlamentuko Kultura eta Gazteria batzordeko bixita jaso zuten otsailaren 8an

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirola eta Gazteria Batzordearen bisita jaso zuten Leitzan otsailaren 8an. Bisitaren helburua, Leitzako dermioan eta Goizuetako herrigunetik bi kilometrora kokaturik dagoen Erdi-Aroko Iberoko burdinola eta konplexu arkitektonikoa ezagutzea zen. 

Ibero ingurua berreskuratzeko laguntza eskatu dute Leitza eta Goizuetako Udalek
Nafarroako Parlamentuko eta Goizueta eta Leitzako udal ordezkariek, arkeologo eta teknikarien laguntzaz ikusi zuten Iberoko burdinola. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Iberoko burdinolaren berezitasunetako bat da, Nafarroan dagoen Erdi Aroko industria-konplexu bakarra dela eta Nafarroan Carlos II. Errege zenean, 1349 eta 1387. Urteen artean eraikia. Horren elementuak dira: burdinola hidraulikoa, zubi gotikoa eta defentsarako dorrea. Leitzako Udalak argi du bere ondarea zaindu behar dela eta gainera jendeari erakutsi, baina horrek ahalegin handia eskatzen du. 2006 urtetik hona, eraikin multzoa hondatzen joan da, teilatua erori, hormak ahuldu…

Asteazkeneko bisitan Iberoko konplexuaren egoera ezagutzea izan zen helburua eta bidenabarkoan, inguru hori moldatzeko eta berreskuratzeko laguntza eskatu zuten Goizuetako eta Leitzako udal ordezkariek. Erdi Aroko historia burdinaren industriaren bidez erakustea da bi herrien helburua, turismoaren erakargarri izan daitekeelakoan. Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza EHBilduko Miren Aranoa eta Dabid Anautek, UPNko Luis Casado eta Cristina Altunak, Geroa Baiko Virginia Alemanek, PSNko Guzman Garmendiak eta PPNlp Amaya Zarranz-ek osatu zuten eta Iñaki Sagredo arkeologoa eta Elena Irigoien garapen teknikaria izan zituzten gidari.

Iñaki Sagredok, «bitxi honen balioaz» ohartarazi zuen. «Denboraren zati bat da, Erdi Aroko historia burdingintzaren bidez azaltzeko aukera ematen diguna. Lan txiki batzuk egin dira dorreak lur jo ez dezan, besteak beste. Dorrearen eraikuntzan burdin zepazko bolak erabili ziren, inoiz ikusi gabeko zerbait, eta galtzen ari dira. Sinetsi ezinezkoa da, errepidearen ondoan egonda, nola kontserbatu den hau guztia. Lehendabizi ingurua zurkaiztu behar da, gero bilatuko dugu jendea erakartzeko modua. Gune ekonomiko eta kultural interesgarria sor liteke. Legazpiko burdinolara, esaterako, jendetza joaten da».

 

Alkateen iritziak

Leitzako Udalak 250.000 euro inbertitu ditu azken zazpi urteetan Ibero inguruan, baina egoera ikusita, ez da aski izan. Mikel Zabaleta Leitzako alkateak aipatu zuenez, «dorreak 2009. Urtean galdu zituen teilatuaren azken aztarnak, hormetako arrailak gero eta handiagoak dira eta euri asko egiten duenez, hondamendia gero eta handiagoa da. Azkar egin behar da lana, gainerakoan, ondare hau galtzea ikaragarria izanen litzake».

Unai Loiarte Goizuetako alkateak, bere aldetik, zera azpimarratu zuen: «Nafarroako Gobernuaren laguntzarik gabe oso zaila izango da inguru hau mantentzea. Inguru honek ezaugarri bikainak ditu garapenaren motore izan litekeen turismo jasangarri bat bultzatzeko».

Iberoko burdinola XVIII. mendera arte jardunean iraun zuen industriagunea da, eta osorik kontserbatu da, kanpoaldean aldaketa handirik jasan gabe. Erdi Aroko dorrea XIV. mendean eraiki zen, atzera eragiteko elementu gisa, burdin ekoizpena babestearren. Ondoan baserri bat dago. Sarrerako zubia Erdi Aroko begi bakarreko zubi gotikoa da, eta egoera onean dago.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa