erran.eus

2,5 milioi euroko aurrekontua onartu du Leitzako Udalak 2017rako

  Gizartea  Leitzaldea  Leitza

1989. urtetik lehen aldiz, zorpetze maila milioi bat eurotik behera dagoela azpimarratu dute 

Aste honetan, tramite legal guztiak pasa eta gero, 2017. urterako Leitzako aurrekontua behin betiko onartua izan da, 2.502.321 euroko diru sarrera eta irteerak izanen dituena. 2016ko abenduko 30eko Batzarrean aho batez onartu zen (UPN-ko zinegotziak ez ziren Batzarrera joan) eta, emendakin eta alegaziorik jaso gabe, tramite legal guztiak pasa eta gero, aste honetan behin betiko onartuak izan dira.

2,5 milioi euroko aurrekontua onartu du Leitzako Udalak 2017rako
1989. urtetik lehen aldiz, Leitzako udalaren zorpetze maila milioi bat eurotik jeitsi da. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Besteak beste, hauek dira 2017. urterako finkatu dituzten helburu nagusiak:

• Gizarte politikak: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin dugun konpromisoa eta apustu irmoa mantenduko dute, mankomunitateari bideratutako partida % 18 handituz (110.000 eurotik 130.000 eurotara).

• Kirola: Kiroldegiko obra bukatuko dute eta Anikote enpresa publikoak eskaintzen duen zerbitzua hobetzen eta zabaltzen jarraituko dute.

• Turismoa: Herritarrekin batera lanean jarraituko dute iaz sortutakoTurismo Mahaiean. Helburu nagusienetarikoak informazio-gunea barrutik apaintzea, informazio esku-orri berriak egin eta ostalari eta komertzioetan doan banatzea  eta Plazaola natur-bideko mantenimentua hobetzea dira.

  • • Hirigintza: 2016 urte bukaeran sinatu zen hitzarmen bati esker, 2017. urtean Okillin kaleko zati bat (Suhiltzaileen parketik osasun zentruraino) berrituko da eta 40 etxebizitza berri eginen dira, horietatik erdiak babes ofizialekoak.

 

Herritarren partaidetza: Leitzako eragileek herri bizi bat egiten dutela uste dute. Horregatik, diruz laguntzen jarraituko dute, eta sortu ditugun espazioez gain, berriak ere sortuko dituzte, bertako produktuei bultzada emateko, mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, etab.

  • Energia eta ingurumena: Udalak datozen hilabeteetan Udal Energia Plana izena duen plana aurkeztuko du. Honekin, Udal eraikinetako eta kaleko argiteriaren energia kontsumoa kontrolatu eta efizienteago bilakatu nahi du.

Mendia: Aurreko urtean egin zuten bezala, basoak eta larreak zaindu nahi dituzte, eta horretarako 35.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute (landaketak egiteko, larreetan askak egiteko…).

Azpiegiturak: Komunikazioak hobetuko dituzte. Hori lortzeko, hainbat inbertsio aurreikusi dituzte aurrekontuetan:

- Herriko auzo guztietan ETB ongi ikusteko hobekuntzak.

- Herri irratia hobeto entzuteko konponketak.

- Udaletxe osoan eta herriko plazan wifi seinalea doan jarriko dute.

 

Herritarrak informatzeko plana

Aurreko urteetan deitu dituzten Batzar Irekiak herritarrengan harrera txikia izan dutela ikusirik, Udalak aurten modu berritzaile batean informatu nahi ditu balorazio, zifra eta helburu hauek. Alegia, herritarrak Udaletxera hurbiltzea zaila dela ikusirik, Udala herritarrengana hurbiltzen saiatuko da.

Hau guztia eta zehaztasun gehiago azaltzeko, bideo labur bat prestatzen ari dira eta ondoren sare sozialetan, whatsappez, web-gunean, youtuben eta udalaren esku dauden bitarteko guztietan zabalduko dute. Modu sinple eta laburtuan azaldu nahi dituzte guztiak.

Hala ere, beti bezala, aurrekontua zehaztasun guztiarekin ikusi nahi bada, www.leitza.eus atarian denon eskura dago

  

Zorpetze maila milioi bat eurotik behera 

2016. urterako markatu genituen helburu nagusienak bere osotasunean, % 100ean bete dituela aipatu du Udalak.

Ekonomia ikuspegitik, 2016 urtea amaituta, diru sarreren eta gastuen arteko oreka mantendu da. Gainera, udalaren zorpetze maila nabarmen jaitsi da. Datu deigarriena, 1.989. urtetik hona lehen aldiz Udalaren zorpetzea 1.000.000 eurotik jaitsi dela (2016 urtean 914.000 euroko zorpetzearekin amaitu du Leitzako Udalak).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa