Leitzako eta Goizuetako udalak ‘tontorrean’ mailara heldu dira, euskara hutsean aritzeko egindako lanaren ondotik

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 1a, 07:38
Miren Etxenike, Onintza Bengoetxea, Mikel Zabaleta, Zuriñe Lujanbio, Unai Loiarte eta Kristina Urrutia, agerraldian.

Bi herrietako alkate, euskara zinegotzi eta teknikariek agerraldia egin zuten urtarrilaren 31n Leitzan, UEMAren sailkapenean maila gorenera heldu direla nabarmentzeko eta emandako pausoak azaltzeko 

Udal baten euskararen erabileraren egoera aztertzeko, udalaren sail guztiak hartzen ditu kontuan UEMAk, eta alorrez alorreko adierazleak jaso ohi ditu, galdetegi bidez. Jasotako erantzunen arabera behin diagnostikoa osatuta, UEMAk bere baitan hartzen dituen udalak lau multzotan sailkatuta ditu, euskararen erabileraren mailari dagokionez. Leitzako eta Goizuetako udalak Gorabidean mailan zeuden, baina azken hilabeteotan egindako lanaren eta hartutako konpromisoen ondotik, Tontorrean mailara igotzea lortu dute, maila gorenera. Egindako lana azaltzeko eta aurrerantzean herritarrek sumatuko dituzten aldaketen berri emateko, hedabideen aurrean agerraldia egin zuten urtarrilaren 31n Leitzan.

 

Bertan izan ziren Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea), Unai Loiarte (Goizuetako alkatea), Onintza Bengoetxea (Leitzako euskara zinegotzia), Zuriñe Lujanbio (Goizuetako euskara zinegotzia), Kristina Urrutia (Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko euskara teknikaria) eta Miren Etxenike (UEMAko euskara teknikaria). 

Leitzako Udalaren izenean Mikel Zabaleta alkateak nabarmendu zuenez, «Leitza herri euskalduna da, eta herritarrak ordezkatzen dituen Udalak horren isla izan behar du». Zabaletaren hitzetan, «horregatik, urte askotan lan handia egin da hainbat esparrutan, Udaletik eskaintzen diren zerbitzuak euskaraz eman ahal izateko. Oraingo Udal taldeak lan horren emaitza jaso eta aurrera jarraitzea erabaki zuen, besteak beste, Hirigintza zerbitzua euskaratuz. Udalek dauzkagun eskumenen artean, Hirigintza zerbitzua garrantzitsuenetarikoa da. Zerbitzu hori euskaratzeak, UEMAren sailkapenaren arabera tontorrera eraman gaitu. Albiste pozgarria dela iruditzen zaigu, izan ere, honek esan nahi du Leitzako Udalak hemendik aurrera herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu guztiak euskaraz eman ahal izango dizkiela».

Goizuetako euskara zinegotzi Zuriñe Lujanbiok adierazi zuenez, berriz, Goizuetak eta Leitzak erantzukizun berezia dute, «euskararen arnasgune garen udalerriok euskarak zonaldean duen osasun ona bermatzeko ardura baitugu». Zentzu horretan, administrazioa erabat euskalduntzeko hartu dituzten neurriak nabarmendu zituen. Bereziki «Goizuetako Udalaren barne funtzionamenduan erabilitako ekipoetako programak euskaraz erabiltzeko erabakiak eraman du Goizuetako Udala tontorrera». Lujanbiok nabarmendu zuenez, «ez da egun batetik bestera lortutakoa izan tontorrera iristea. Egunez egun euskaraz bizi ahal izateko eta administrazioa euskalduntzeko urte askotan lanean aritu diren herritar, ordezkari politiko eta UEMAko kideen meritua ere bada».

 

Leitza, Goizueta eta Areso: eskualdeko hiru udalak ‘tontorrean’

Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko euskara teknikaria den Kristina Urrutiak zehaztu zuenez, «duela 24 urte sartu ziren UEMAn Leitza eta Goizueta. Ia mende laurdena egin dute bi udalek administrazioa euskalduntzeko bidean». 24 urte hauetan agiriak, txostenak, ebazpenak, aktak eta gainerakoak gazteleraz izatetik erabat euskaraz izatera pasatu direla nabarmendu zuen teknikariak. «Azkenean, guztien ahaleginari esker lortu da helburua».

«Zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo» euskarak lortutako espazioari eustea erronka izango dela adierazi zuen Urrutiak. Dena dela, eskualdeko hiru udalak, Areso barne, orain tontorrean daudela gogoratu zuen, administrazioa euskalduntzeko eta udalak herritarren isla izateko hiru udalak bide urratzaileak izan direla nabarmenduz.

UEMAko teknikari Miren Etxenikek, azkenik, emandako pausoengatik zoriondu zituen bi udalak, gainerako udalentzat eredu direla aipatuz. Izan ere, «UEMAko kide diren udaletan egindako diagnostikoen emaitzek erakutsi dute, oro har, udal hauek euskaraz aritzeko gai direla. Administrazioan ere badira arnasguneak: UEMAko kide diren udalak. UEMAko udalek, zerbitzua euskaraz bermatzen diete herritarrei eta, beraz, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzen dituzte. Horretan, Leitzako eta Goizuetako udalek egindako lana nabarmendu nahi dugu, tontorreraino heltzeko egindako lanagatik eta hartutako konpromisoagatik».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun