Plazaola Partzuergoak Natur Bideko mapa ilustratua aurkeztuko du FITUR Ferian

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 19a, 10:39
Fitur feriaren ondotik, Lekunberriko udaletan eta partzuergoko udaletxetan banatuko da mapa ilustratua.

Mapa paperean irudien, argazkien eta testuen bitartez, Nafarroako zatian Plazaolako Natur bidearen 32 kilometroak irudikatzen ditu

Plazaola Partzuergo Turistikoak FITUR Feriako Nafarroako Pabilioian Natur Bidearen informazio eta promoziorako euskarri berri bat aurkeztuko du Madrilen. Bidearen Nafar zatiaren mapa ilustratu hau, bidearen irudi nagusiaz gain, zeharkatzen duen zonaldeen argazki batzuekin, antzinako trenaren irudi bat zenbait binetekin eta argibide-testu txikiekin osatzen da. 

Ekimen honekin Natur Bideko erabiltzaileentzat tresna trebe eta ikusteko erraza eskaintzea da gure helburu, behar diren aipamenak eta bideaz gozatzeko eta igarotzeko erraztasunak emanez. Horretarako, irudia errealitatearen isla leiala da; Natur Bidearen irudi literala. Irudia, airetik hartutako benetako argazkietan oinarritu da, beraz natur bidean eta gertu dauden ibilbide guztiak, errepideak, eraikinak, bide-gurutzeak eta abar zehazki agertzen dira. Gainera bidea argi aurkitzeko eta mapan kokatzeko, zati honetan dauden 19 tunelak zenbakien bidez adierazten dira. Tunel guzti hauek, Plazaolaren ezaugarri berezienetako bat dira.

Maparen sortzaileak, Nafarroako Gida Ilustratuarenak berak dira, eta horretan eraikin historikoen, hiriguneen, erlijio-arkitekturaren irudi tradizionalak erabili bazituzten, oraingoan Plazaola trenaren ibilbide linealean oinarritu dira, natura hostotsu eta ugari batean murgilduta doana.

Mapa eskuz egina dago, akuarelaz margotua, eta ondoren landuta konposizioa egiteko: marrazki, argazki eta testu desberdinek, era xumean eta pasadizoekin, Plazaola trenaren istorioa azaltzen dute, baita 32 kilometroko ibilbidea, Kaxarnatik (Imozko bailaran, “Bi Aizpeko” tunelak pasa ondoren), Leitzaraino.

Mapa ostiraletik, urtarrilak 20tik aurrera Nafarroako stand-ean eskuragai egongo da bisitari guztientzat. Eta otsailetik aurrera Lekunberriko Turismo Bulegoan, Partzuergoko kide diren udaletxeetan aurkituko duzue, baita kide diren establezimenduetan ere (jatetxeak, alojamenduak, eta abar), bere bezeroei eman ahal izateko.

 

Plazaolako Gida Ilustratua eta Partzuergoko udalen parte-hartzea

Plazaola Natur Bidearen mapa ilustratua Plazaola Partzuergoak kide diren udalekin batera bultzatutako ekimen orokorrago baten barne dago. Arakil, Areso, Imotz, Larraun, Leitza eta Lekunberriko udalek bere udalerri bakoitzerako, informazio eta promoziorako foileto bat sustatu dute, helburu turistiko nabarmen batekin. Horrela, bakoitzak bere baliabide eta zerbitzuen eskaintza foileto batean adierazi du, baliabide ezaugarrienen argazki ikusgarriak erabiliz: herri guneak, baserriak, garbilekuak, ibilbideak, baselizak, eta abar. Guzti hori gainera, herrien, baliabideen eta, zerbitzuen argazkiekin apainduta.

Foileto hauek, Plazaolako Natur Bidearen maparekin batera eta Partzuergoaren eremuan dagoen eskaintza turistikoaren ilustrazio berriekin (kide diren baliabide eta establezimenduak), Plazaolako Gida Ilustratua osatuko dute. Gida hori laster aurkezteko asmoa dugu.

Partzuergoaren eta udalen ekimen honek, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritzaren babesa jaso du, eta 2016ko marketineko diru-laguntzetan islatua izan delarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun