Joanes Illarregi Nafarroako Bertsolari txapelketako final laurdenetan izanen da

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 19a, 08:31
140 bertsozale bildu ziren ostiralean Iruñeko Katakraken, txapelketa aurreko saioa ikustera.

Ostiralean Iruñean jokatutako kanporaketan lortu zuen txartela leitzarrak, Saats Karasatorre, Joana Ziganda eta Sahats Alemanekin batera

Lepo zegoen Iruñeko Katakraken jokatu zen ostiralean Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketa saioa. Bertan txapelketan lehen aldiz izena eman duten bertsolariek hartu zuten parte eta Saats Karasatorrek eskuratu zuen lehen postua. Harekin batera, Joanes Illarregi leitzarra (kanporaketan aritu zen eskualdeko bertsolari bakarra), Joana Ziganda eta Sahats Aleman sailkatu dira otsailean hasiko diren Nafarroako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako. 

140 bertsozalek bete zuten ostiralean Iruñeko Katakrak aretoa Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketa saioa bertatik bertara ikusteko. Zortzi izan ziren taulara igo ziren bertsolariak -azken orduko arazo batengatik Mintxo Astizek ezin izan zuen saioan parte hartu-; denek lehen aldiz txapelketan izena emandakoak. Jokoan final laurdenetarako lau postu zituzten.

Saats Karasatorre etxarriarrak lortu zituen puntu gehien eta hortaz lehenengo postua eskuratu. Haren atzetik Joanes Illarregi leitzarra, Joana Ziganda oskoztarra eta Sahats Aleman artikarra sailkatu ziren. Honenbestez, lau bertsolari horiekin osatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako final laurdenak.

Saioan kantatu zuten beste lau bertsolariek, ordea, ez zuten plazarik lortu: Ander Baiano, Ainara Ieregi, Aitor Irastortza eta Luis Mari Larreta.

35 bertsolarik eman dute izena Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta kanporaketaren ondotik 30 izango dira final-laurdenetan. Final laurdenak otsailaren 18an hasiko dira eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa apirilaren 8an bukatuko da. Nafarroako Bertsozale Elkarteak otsaila hasieran emango ditu Txapelketaren inguruko gainerako xehetasunak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun