Plazaola Bide Berdearen egoeraz aritzeko bildu dira Nafarroako Gobernua eta Leitzako Udala

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 16a, 13:49
Urgentzia eta larritasuna duten gaiak konpondu behar direla uste du Leitzako Udalak.

Orain dela bi urte gertatutako erortza konpondu gabe segitzen du eta Andoaindik heldu diren zikloturistak errepidera atera behar dute Leitzara iristeko

Nafarroako Gobernuko Turismo eta Komertzio zuzendari nagusiak eta Leitzako udalak bilera izan zuten abenduaren 15ean. Bilera horretan, besteak beste, Plazaolako Geltokiaren inguruan Leitzako Turismo mahaiak landutako txostena aurkeztu eta leitzarrek, bi urtez konpondu gabe dagoen trenbideko erortzaren inguruko kezka helarazi zitzaion zuzendariari.

 

Leitzako Turismo mahaiak 2016ko maiatzetik darama buru belarri lanean herrirako plangintza diseinatu eta ekimen desberdinak martxan jartzen (informazio puntua berritzen, eskuorria berria lantzen…). “Ederbidea” bizikleta gaineko garraio iraunkorrerako proiektuan parte hartzeko aukera sortzearekin batera, Plazaolako Geltokiaren inguruan txosten bat lantzen jardun du azken hilabeteetan.

Azaroan, Ederbidea proiektuaren eskualdeko mailako aurkezpenean, Turismo mahaiak egindako txosten hori bera aurkeztu zuen Leitzako alkateak. Leitzari ekarri dakizkioken onurez gain, Plazaolako geltokiak Ederbidearen proiektuan duen garrantzia estrategikoaz hitz egin zuen. Jardunaldiaren ondoren, Europako ordezkariak estazio zaharra bisitatzen egon ziren.

Nafarroako Gobernuarekin izandako bileran, Plazaolako Bide Berdean, Leitzako zatian, orain dela 2 urte gertatutako erortzak konpondu gabe segitzen duela gogorarazi zion alkateak Zuzendariari. Alkatearen ustez, «ezin gara murgildu epe luzeko proiektuetan urgentzia eta larritasuna duten gaiak konpondu gabe, Plazaolako erortza kasu. Herritarren artean kezka handia dago gai honekin, asko baitira bertan aisialdia igarotzen dutenak».

Gaur da eguna, Andoaindik heldu diren zikloturistak Plazaolatik errepidera atera behar direla Leitzara iristeko. Gainera, erortza areagotu edo errepikatzeko arriskuak hor jarraitzen du, arazoa konpontzen ez bada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun