Errefuxiatuei laguntzeko material bilketa eginen dute Leitzan abenduaren 12tik 17ra

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 5a, 14:38
Bildutako materiala Greziako Chios irlara etortzen diren errefuxiatuei laguntzeko izanen da.

Zaporeak proiektuari buruzko hitzaldia abenduaren 7an

Amazabal ikastetxeko ikasleek antolatu dute material bilketa. Intxaurrondoko gastronomia elkarteko  Zaporeak proiektuarekin ari dira elkarlanean eta Greziako Chios irlara etortzen diren errefuxiatuei laguntzeko fruitu lehorrak, kontserbak, olioa eta gatza bilduko dituzte. Abenduaren 7an, hitzaldia ere antolatu dute. Udaletxeko pleno aretoan, 18:00etatik aurrera Zaporeak proiektuarekin udan Greziako Chios irlan boluntario lanean aritu diren Anttonio Sagastibeltza eta Sagrario Lasarte leitzarren testigantzak entzuteko aukera izanen da.

 

Amazabal institutuko ikasleek Zaporeak proiektuari laguntzeko material bilketa antolatzen dute bigarren aldia da hau. Ekainean egin zuten lehenbiziko bilketan mila kilo material lortu zituzten. Oraingoan, material bilketa abenduaren 12tik 17ra izanen da. Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara, institutuko sarreran materiala uzteko aukera izanen da eta astearte eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara.  Larunbatean, hilak 17, Leitzako plazan eginen dute bilketa 11:30etik 13:30era. Bilduko diren materialak honakoak izan dira: olioa, gatza, fruitu lehorrak eta kontserba poteak (lekaleak, barazkiak, arraina). Arropa eta txerrikirik ez dute bilduko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun