Anbulantzia bat utzi dio Nafarroako Gobernuak Goizuetako suhiltzaile boluntarioen parkeari

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 25a, 07:31
10 urte beteak zituen lehengoa ordezkatuko duen anbulantzia berria.

Zaharkituta gelditua zen aurreko ibilgailu bat ordeztuko du, eta harekin larrialdietako garraio sanitarioaren 40 bat zerbitzu ematen zituzten urtean

Nafarroako Gobernuak duela gutxi anbulantzia bat utzi dio Goizuetako suhiltzaile boluntarioen parkeari; parke horrek, udalerri horretan eta Aranon bereziki, larrialdietako garraio sanitarioaren 40 bat zerbitzu ematen ditu urtean. Ibilgailuak aurreko beste bat ordezkatuko du zerbitzu hori betetzeko gehieneko epea gainditu ondoren, hau da, matrikulatu zenetik, hamar urte. 

 

Utzitako anbulantzia, oinarrizko bizi-euskarrikoa, Nabaskozeko suhiltzaileen eskualdeko parketik dator, han berri bat izango baitute.

Goizuetako suhiltzaile boluntarioak txandaka aritzen dira lanean eguneko 24 ordutan larrialdietako garraio sanitarioko zerbitzu hori emateko, eta dagoeneko SOS-Navarrak 32 alditan erabili du aurten.

Anbulantziaren lagapena maiatzean Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari Mª José Beaumont suhiltzaile boluntarioak dituzten sei udal nafarrekin (Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaide) izenpetutako lankidetza esparru-hitzarmenaren barnean sartzen da.

 

Suhiltzaile boluntarioen parkeak

Gaur egun, Babes Zibileko Zerbitzuak emandako informazioaren arabera, Nafarroak guztira 141 suhiltzaile boluntario ditu. Zehazki, 13 Agoizko parkean, 11 Beran, 34 Goizuetan (anbulantzia eramateko laguntzaileak barne), 14 Izaban, 26 Leitzan, 20 Lesakan eta 23 Luzaiden.

Nafarroako Gobernuak aurten 191.000 eurorekin finantzatu ditu suhiltzaile boluntario horien zazpi parkeak. Zenbateko horren zati handiena gastu arruntak ordaintzeko erabili da, esaterako: aseguruak (boluntarioena nahiz ibilgailuena); ibilgailu berezietarako gida-baimenak lortzea; arropa, ekipamendu pertsonala eta material espezifikoa; ibilgailuei lotutako gastuak; anoa-hornidurak eta prestakuntza.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun