Kale edo bale… Balikebale lehiaketa arrakastatsua suertatu da aurten ere Leitzan

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 21a, 12:35
Balikebale lehiaketan parte hartutako taldeak, sari banaketaren ondotik.

335 lagunek bete zuten larunbatean Leitzako zineman, lau talderen arteko lehia ikusteko

Aurtengo KALE EDO BALE... BALIKEBALE lehiaketa oso arrakastatsua izan da Leitzan, berriz ere. Zine aretoa beteta, 335 ikusle inguru, ia sarrera guztiak saldu ziren larunbatean eta antolatzaileak oso gustora geratu dira.

 

3. edizio hau talde urdinak irabazi du: Arantxa Agirrek, Irune Alkortak eta Maialen Gonzalezek. Bigarrena talde arrosa geratu zen (Markel Barriola, Manex Moreno eta Martxel Intsausti). Aipatutako bi talde hauek jokatu zuten finala, urdinek eta arrosek. 10 galdera zituen finalak eta bakarra (azkeneko erantzuna) eman zuten okerra, gainerako 9ak zuzen erantzunda irabazi zuten lehiaketa talde urdineko neskek. Baina aipatzekoa da aurretik ere egin zuten lana.

Talde morea geratu zen hirugarren (Jokin Sagastibeltza, Saioa Sagastibeltza eta Eneritz Astibia) eta talde berdea laugarren (Mari Jose Larrea, Pakitto Sagastibeltza eta Oihana Saenz).

Sari bikainak lortu zituzten guztiek, potoloena irabazleentzat izan bazen ere: 450 euroko txekea, Argiñano jatetxean otordua, Zumaiako Santa Klara nekazaletxean asteburua, heldu den larunbatean Dantxarinean izanen den XIII. Kantu Zaharren Egunerako sarrerak eta herriko produktuz osatutako sorta jaso zituzten irabazleek.

Gainerako parte-hartzaileentzat: Alex Mugika jatetxean, Casa Julian jatetxean eta Olaizola sagardotegian otorduak, Aiako Sagarmaneta nekazaletxean asteburu pasa, Leitzako Kaxkabeltza elkarteak emandako 150 euroko opari txartela herriko dendetan gastatzeko, kaleratu berri den 4 aro liburua, Aurrera Elkartearen eskutik Leitzako inauterietako herri-bazkarirako txartelak, Jaso Ikastolako ikasleek prestatu duten "Batek daki!" musikalerako sarrerak, eta Katez Leitzako musika taldearen CD eta kamisetak.

Publikoarentzat ere izan zen saririk, herriko 3 gairen inguruko galderak erantzunez eskuratu zituzten opariak: Goizuetako Oxeguarda jatetxean, Ezkurrako Hostal Ezkurra jatetxean eta Berastegiko Arregi-Kakonea jatetxean bina lagunentzat otorduak lortu zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun