Espainiako tapa txapelketan azpitxapeldun izan da Alex Mugika leitzarra

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 10a, 09:33
Espainiako tapa txapelketako saridunak, tartean Alex Mugika dela, eta nazioarteko Chef gazteen formakuntza programako lehiaketan saritutakoak.

Oilarrak madrildar erara aurkeztu zituen Valladoliden egindako lehiaketan

Garai batean Leitzako Basakabin eta gaur egun Iruñeko La Cocina de Alex Múgica jatetxean ari den Alex Mugika Zabaletak sukaldari leitzarrak aurkeztutako ‘Oilarrak madrildar erara’ (Gallos a la madrileña) pintxoa azpitxapeldun izan da azaroaren 8an eta 9an Valladoliden jokatutako Espainiako tapa txapelketaren hamabigarren edizioan. Lehenbiziko saria Cacereseko Atrio jatetxeko Alberto Montes Pereirak eskuratu du, ‘Placer otoñal’ pintxoarekin.

 

Lehendik ere sariak irabaziak ditu Alex Mugikaren sukaldaritzak. 2013 eta 2014an, Nafarroako Kaxueka eta Ardoaren Astean Urrezko Kategoria saria lortu zuten Alex Mugika sukaldariak eta Arantxa Sagastibeltza sumillerrak. Eta 2015ean, Hondarribian jokatutako Amstel Oro-Euskal Herriko Pintxo Txapelketa irabazi zuen. Mugikak, sari nagusia ez ezik, bertze bi sari ere lortu zituen: Garagardoarekin hobekien ezkontzen den pintxoarena eta bakailao pintxo onenarena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun