Goizuetako Azaro Kulturala indartsu abiatu da lehen asteburuan

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 7a, 09:16
Jubilatuen bazkarian giro ederra izan dute aurten ere Umore Onan.

Sahara kantari emanaldia, Jakoba Errekondoren aurkezpena, pilota partidak umeen jokuak eta Jubilatuen Eguneko ospakizunak izan dituzte 

Asteburu honetan, jubilatuei eskainitako ekintzekin, kantaldiekin eta solasaldiekin abiatu da Goizuetako Kultur Taldeak, Goizuetako Udalaren laguntzaz antolatutako Azaro Kulturala. Azaroko asteburu guztietan izanen dira ekitaldiak.

 

Ostiralean Sahara kantari emanaldia eskaini zuen Julen Apezetxea goizuetarrak eta Iñigo Asensiok osatzen duten Hotsneba taldeak Udaletxeko Ganbaran. 

Larunbatean Jakoba Errekondok Bizi baratzea liburuaren aurkezpena egin zuen eskolako jangelan eta ondotik mahai inguru interesgarria izan zen bertaratutakoen artean. Arratsaldean, berriz, umeen jokuak izan ziren.

Asteburu osoan Jubilatuen Eguneko ekitaldiak ere izan ziren. Larunbatean, mus eta trukeko txapelketak jokatu dituzten. Museko irabazleak, Mañuel Etxeberria eta Joxe Mari Salaberria izan ziren, Ixabel Etxeberria eta Juan Joxe Apezetxearen aurkako finala irabazita. Trukekoak berriz, Dolorex Bixkina eta Anttoni Labekoa txapeldun izan ziren Dolorex Kalekobordako eta Maria Pilar Irisarrikoa txapeldun orde.

Igandean jubilatuen bazkaria ez ezik pilota partidak eta Ainhoa Zabaletaren kantu emanaldia ere izan zuten.

 

Datozen ekitaldiak

Hurrengo asteburuan, azaroaren 11n, ostirale arratsaldeko 7etan Ametsen liburua aurkeztuko dute Ganbaran eta astebutu osoan Iñigo Elizegiren margolan erakusketa zabalik izanen da.

Azaroaren 12an, larunbat goizean aranoarrekin topaketa mairu-baratzeetan. 11:00etan plaza dantzak dantzatako lokalean eta 18:00etan jangelan Goizuetako hizkerari buruzko solasaldia Oihana Lujanbiorekin.

Azaroaren 13an, 11:30etik 13:30era Iñigo Elizegiren margolan erakusketa ikusgai izanen da Ganbaran eta 18:00etan, leku berean, Amalurraren ahotsak dokumentala ikusgai.

Azaroaren 18an, ostiralean 19:00etan pintxo kalejira eginen dute dantzariekin kalez kale.

Azaroaren 19an, larunbatean 09:00etatik 14:00etara kontserba ikastaroa Umore Ona elkartean eta 18:00etan Gutik ZURA dokumentalaren emanaldia Ganbaran.

Azaroaren 20an , goizez, erreka garbiketa eginen da auzolanean.

Azaroko azken asteburua ere emankorra izanen da. Azaroaren 25ean, ostiralean 18:30ean emakumeenganako indarkeriaren aurkako kontzentrazioa eginen da plazan, Nazioarteko Egunaren harira. 19:00etan Ganbaran, Esentzia bere azken liburua aurkeztuko du Ander Olaizola argazkilariak.

Nola ez, azaroko ekitaldiak hilaren 26ko artisau, nekazaritza produktu eta ganadu feriarekin borobilduko dituzte, urteko zita garrantitsuenetako batean.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun