Etxebizitza batzordea lanean ari da Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 4a, 07:49

Lan taldea inkesta bat prestatzen ari da herrian dauden beharrak jakiteko eta erantzuna ematen saiatzeko

Azkeneko urteetan landu ez den alorra da etxebizitzarena Goizuetan. Horren beharra ikusita, etxebizitza batzordea jarri da martxan, udalak sortua eta hainbat herritarren partehartzearekin

Herriko biztanleria jaitsieraren arrazoietako bat, etxebizitza falta da. Etxebizitza falta baino gehiago, eskaintzan etxebizitzarik ez egotea, edo informaziorik eza, edo prezio garestiak… Egoerari aurre egin nahian, lan talde hau inkesta bat prestatzen ari da, helburua Goizuetarrekin gai hau eta bidenabar, beste gai batzuk lantzeko asmoz, Goizuetako etorkizunari eta beharrei buruz.

Horretarako, etxez-etxeko dinamika jarriko dute martxan. Urrian hasi eta gehienez, abendura arte luzatuko dena. Herritarrekin egin nahi diren aurrez-aurreko hizketaldi horietan, jendearen prestutasuna eta konfiantza eskatu dute, batez ere, udalarentzat eta herriarentzat oso baliagarriak izango direlako herritarrek ematen dituzten erantzunak.

Behin galdeketa guztiak eginda, ondorioak atera eta herritarren beharrei erantzuna ematen ahaleginduko da udala.

Herritar guztiei abisua helaraziko zaie noiz bildu nahi duen batzordeko kideren batek beraiekin. Beraz bitartean, lasaitasuna eskatzen zaie. Hurrengo bilera urriaren 13an egitekoa dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun