Leitzulia BTT mendi ibilaldia urriaren 8an izanen da

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 15a, 11:51
Leitzako Mendibil BTT taldekoak ari dira Leitzitzulia antolatzen.

Irailaren 17a baino lehen izena ematen dutenek kamiseta izanen dute opari, baina urriaren 3ra bitarte apunta daiteke

Mendi bizikletaren gainera igo eta Leitzako kaxkoetan barna itzulia egiteko aukera izanen dute zaleek urriaren 8an. Leitzulia antolatu dute lehenengoz Aurrera Elkarteko Mendibil BTT taldekoek eta antolakuntzako azken lanetan burubelarri dabiltza. Leitzako paraje, xenda, igoera, jaitsiera… ederrenekin 42 kilometroko ibilbidea prestatu dute, 1.400 metroko desnibel metatua duena.

 

Ibilbidea Leitzako plazan hasi eta bertan bukatuko da. Plazaolatik barna eginen dira lehenbiziko kilometroak baina hortik aurrerakoak Leitzako kaxkoak zeharkatuz osatu beharko dituzte. Ez da proba lehiakorra eta guztia mendiko xenda eta basoetan barna eginen da, errepiderik ia zapaldu gabe.

 

Izen-ematea urriaren 3ra arte

Izena emateko epea urriaren 3ra arte dago zabalik eta internet bidez, www.kirolprobak.com helbidean soilik egin liteke.Gainera, irailaren 17a baino lehen izena ematen dutenek, kamiseta bat izanen dute opari. 18 urtetik gorakoei zuzenduta dagoen proba da eta ibilbideak duen ­zailtasun maila dela eta aldez aurretik presta­tzea beha­rrez­koa da.

Federatuta daudenek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta federatuta ez daudenek berriz, 18 euro. Trukean,  parte-hartzaileek hainbat opariz betetako poltsa jasoko dute. Zeharkaldian bi hornidura puntu ere jarriko dituzte eta dutxak, bizikletak garbitzeko mangerak,  aparkalekuak... prestatuko dituzte. Opariak ere zozketatuko dituzte eta helmugan edariak eta pin­txoak ere jarriko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun